Tag Archives: Koherentzia

Kooperatibetako ordainsariei buruz: indizeak mantentzea justua al da?

Kooperatiben inguruko hainbat mezu eta ohar idatzi ditut hemen bloga sortu nuenetik. Mezu batzuk kooperatiben abantailak aztertzen, eta beste batzuk kritikak egiten. Hala ere, lagun eta lankideekin sarri mintzagai izan dudan gaiari heltzeko momentua heldu dela uste dut: ordainsariena. Gai konplikatua da, diru kontu denak diren bezala. Izan ere, ordainsariei emandako garrantzia eta esangura aldatzen baita norbanakoaren arabera. Era berean, bakoitzak berdintasunaren eta justiziaren inguruan ditugun pertzepzioak ere ezberdinak diren heinean, ezinezkoa ez baina zaila, benetan konplikatua, da ordainsari edo aurrerakinen auzia jorratzea.

Kooperatiben historian zein Arrasateko Kooperatiben Esperientzian (AKE) zehar, oker ez banaiz, ordainsari justuei buruzko eztabaida garrantzitsua izan da. Ordainsaria justua eta kooperatibaren ahalmenaren araberakoa izan behar dela dio, adibidez, AKEren 6. Oinarrizko Printzipioak. Justua izateak duen erlatibotasunarekin. Esate baterako, AKEren hastapenetan, kooperatibako bazkideen arteko ordainsariak 1/3 artekoak ziren. Kooperatibak handitzen eta indartzen joan ziren heinean, berriz, tarte hori motz gelditu zela esan liteke. Izan ere, zuzendaritzako postuetako langileek inguruko enpresetan izango luketen ordainsariarekin alderatuz oso baxua zen. Hori zela-eta, beren ordainsariak handitzeko aukera izateko, indizeen arteko tartea handitu zen. Eztabaidagarria izan liteke postu horretako kideei ordainsarien igoera planteatu behar izatea bera, eta luze jo lezake eztabaidak. Hala ere, oraingoan ez da nire asmoa aldaketa hori lantzea. Indizea mantentzea justua den ala ez landu nahi nuke. Alderdi polemiko zein delikatua.

Kooperatiben funtzionamendua ezagutzen ez duzuenontzako, kooperatibetako ordainsariak (edo aurrerakinak) indizeen arabera definitzen dira. Indizearengan lanpostuak berak eragiten du, lan-bazkideak dituen erantzukizunen araberakoa izanik. Bestalde, esperientziaren, antzinatasunaren eta beste faktore batzuek ere eragiten dute, kooperatiba bakoitzaren kasuan aldagaiak alda litezkeelarik. Oro har, eta salbuespenak salbuespen, indize horiek baldintzatuak egoten dira lan-bazkideek arestian izandako lanpostuen arabera. Hau da, denbora jakin bat (demagun 4 urte direla minimoa) zuzendaritza postu batean pasa badu lan-bazkideak, indize hori mantendu egiten zaio, oso-osorik edo zati bat behintzat. Esan bezala, salbuespenak salbuespen, eta kasuan kasuko portzentaje eta mugekin. Hala ere, esan liteke badagoela nolabaiteko kurba profesionalaren ukatze sistematiko bat, onarpen falta, berez naturala dena. Izan ere, “igotzen den guztia jausten da” (eta barka hitz tekniko egokienak ez erabiltzea). Horrela, 40 urterekin izandako indize bat handik 20 urtera berdin manten liteke, uneko lanpostuaren indizea baxuagoa izan arren.

Kontzeptu honek kooperatibako kideen artean ezinegona sortzen duela ezin da ukatu. Justizia hitza datorkit burura. Justua ote da lan berbera egiteagatik albokoak 3 aldiz gehiago jasotzea? Baietz argudia daiteke, urtetan egindako sakrifizioaren ordaina jasotzea zilegi dela. Azken finean, ardura hori hartu duenak beste zenbait erronka profesional alde batera utzi ditu (ikerketa proiektuak, lan teknikoaren garapena…). Egia esan, niri gogorra eta injustua iruditzen zait ordainsaria mantentzea, ezberdintasunak sortzen dituelako langileriaren artean.

Hala ere, uda honetan irakurtzen hasitako liburu batek zalantzak eragin dizkit. Bertan zioenez, norbanakoaren esperientzia profesionala eta espezializazioa baloratzetik, ezagutza berria lortzeko eta etengabeko ikasketarako ahalmena baloratzera pasa da merkatua. Lanpostu finko batetik (bizi osokoa izan liteke), etengabeko aldaketa bilatzen da, egokitzapena, lehengoa alde batera uztea. Dinamikotasunak alde positibo anitz izango ditu, baina leku batetik bestera joate horrek, norbanakoen erroak alde batera uztera, galtzera, bultzatu omen du. Eta, sustrai horiekin batera, komunitate kontzeptuaren galera ere etorri omen da. Hala ere, esango nuke ez dela hau kooperatiben kasua (ez guztiz behintzat), kapitalismoarena orokorrean baizik, kooperatibek eskaintzen duten oreka, ziurtasuna eta loturak komunitatearen garapenean laguntzen duelako, kolektibotasuna mantentzen lagunduz, lanean zein lanetik kanpo. Zentzu horretan, eta lortutako esperientzia pertsonal zein profesionala baloratu behar den heinean, argudia liteke ordainsarien sistema justuak kontuan izan behar lukeela “kooperatibari eskainitako urte horiek”. Eta ironia puntu batekin diot, uste dudalako kooperatibari eskainitako urteak ez direla lanpostuko arduren araberakoak, lan-bizitza osoari egiten baitie erreferentzia.

Beraz, eta gehiago ez nahasteko, zein da nire planteamendua? Iruditzen zait egun kooperatibetan (salbuespenak salbuespen) erabiltzen den ordainsari politika, indizea mantentzea (guztiz edo zati bat izanik ere), ez dela justua eta ez duela kohesioa bilatzen, hautsi baino. Horregatik, beste konpentsazio moduren bat topatuko nuke nik. Lagun batek dio hilabete batzuetako “eszedentzia” ematea litzatekeela bidea. Ideia ona litzateke. Baina ez, egungo sistema ez zait justua iruditzen, norbanakoaren esperientzia baloratu behar den arren. Beharbada ordua iritsi da ordainsari sistema justu, bidezko eta kooperatibismoaren oinarriarekin bat letorkeena diseinatzeko (eta ez “goi-postuetako” bazkideei begirakoa soilik). Baliteke horretarako ere une egokia izatea egungoa.

Ikerketa eta euskara – #sarekohizkuntzak

Orain dela egun batzuk blog honetan erantzun gehien jaso zituen mezua idatzi nuen, eta geroxeago Facebook-en jarraitu zuen eztabaida luze bat sortu zuen. Eztabaida hartan, euskararen rola ikerketan gaia aipatu zen, gai hori berori jorratzen ari ez ginen arren. Horregatik, oraingoan gai hori lantzeko asmoa dut, asmo onenenetik, eta oraingoan ere nire ezagutza apaletik.

Badira urte batzuk ikerketan murgilduta nagoela, MU Enpresagintza-n eta MIKen. Artikuluren bat idazteko zortea izan dut, ponentzia batzuk aurkeztu, proiektu batzuetan parte hartu eta doktoretzan murgiltzeko aukera. Eta horretan ari naiz egun. Nire esperientzia urte gutxikoa den arren, urteotan ikerketaren baitan hizkuntzen erabileraren garrantziaz ohartu naiz.

Hizkuntzei dagokienez nire aukerak zeintzuk izan diren? Ba doktoretza euskaraz egiten ari naiz (koherentzia hutsagatik), ikerketa proiektuak euskaraz zein gaztelaniaz egin ditut, ponentziak gaztelaniaz eta ingelesez aurkeztu ditut, eta artikulua gaztelaniaz idatzi dut. MIKeko blogean zein Kooperatibagintzan blogean, berriz, euskaraz idatzi dut, gehienbat. Hizkuntzen aukeraketa honetan, ahalegindu naiz koherentzia/euskaltzaletasuna eta erabilgarritasuna/zabalkundea kontuan hartzen. Hau da, ikertzaile bezala euskarari garrantzia eman baina nire ikerketaren berri nazioarteko hizkuntzetan eginez.

Orain dela urtebete, EMUNeko teknikari den Edurne Gonzalezen eskutik ikerketan euskarak izan zezakeen presentzia aztertu genuen, hainbat unibertsitate eta fakultatetako kideekin. Bertan errealitate bat islatu zen: gure ikerketaren emaitzak aurkezterako orduan (foro zientifikotan), ezinbestekoa da ahalik eta hedatuen dauden hizkuntzetan egitea (jakina, hobe ingelesez kasu askotan, ez?). Hala ere, euskarak izan dezake gure ikerketa proiektuetan bere lekua, eta bat egin genuen horretan. Doktoretza tesietarako erabiltzeaz gain, dibulgaziorako tresna baliagarria dela ondorioztatu genuen. Izan ere, komunitate ez zientifikoari bideratutako artikuluak bide ona izan litezke gure hizkuntzari behar duen bultzadatxotako bat emateko.

Ikasturte honetan, berriz, ildo berean aritu gara lanean, eta Mondragon Unibertsitateko hiru fakultateetako ikertzaileak bildu ginen Goi Eskola Politeknikoan. Lan-jardunaldia izan zen, eta gure beharrak islatu genituen, euskarak behar duen bultzadarako landu beharreko puntuak identifikatuz.

Oraindik, esan liteke, hasierako fasean dagoela gure hausnarketa, baina berton bildu ginenok argi ikusten genuen gure hizkuntzak, bere berezitasunak kontuan izanik, bere egoera kontuan izanik eta, bereziki, gure komunitatearekin eta identitatearekin bat egiteko, ahalegin gehigarria egin behar dugula. Ea pixkanaka horretan guztian sakontzen dugun.

Debagoieneko lehen #Tobera: Arrasate errudun

Banuen gogoa Toberari buruzko hitz batzuk idazteko, hainbat arrazoigatik. Gaurkoan, azken egun frenetikotatik pixka bat deskantsatu ondoren, badoaz.

Ezer baino lehenago, eta girotzea ezinbestekoa denez gero, hona hemen Aitor Sarasuak idatzitako bertsoak, hunkigarri eta egi frankoz betetakoak. Hartu minutu batzuk ikusi eta entzuteko, merezi du-eta.

“Tobera: fauna txiki bat” Aitor Sarasuak egindako kopla ederra from Goiena Komunikazio Taldea on Vimeo.

 

Hasiera hunkigarria izan genuen bertsookin, benetan hunkigarria. Lehenengo barre algarak, baina, Goienako zuzeneko erretransmisioarekin hasi ziren. Hona hemen akusatuetako baten hitzak:

 

Tobera: Goienako konexioa from Goiena Komunikazio Taldea on Vimeo.

Eta handik aurrera, barre algarez eta autokritika eta hausnarketarako unez betetako ordu eta erdi inguru izan genuen. Kronikak hemen eta hemen topatuko dituzue, besteak beste.

Egia esan, entseguekin hasi ginenean nik behintzat ez nuen uste halako zerbait egingo genuenik. Amaia Antzokia bete zen (jendea atean sarrerarik gabe geratzera arte), eta publikoak harrera aparta egin zien gure hitz eta trufei, hasieratik bukaerara arte. Bazegoen jende heldua, baita gazteak ere. Eta gazteak bertan izateak badu garrantzia, esangura. Bertan bota genituen kritikak ez ziren mugimendu kooperatiboa lanaren lanaz altxa zuten horientzako, atzetik beraien lanaz probestu garenontzat baino. Eta gazteenek entzun egin zituzten bertan botatakoak.

Tobera hau eraikitzeko prozesua, bide hau, itzela izan da, maila guztietan. Herrigintzaren konpromisoaz gozatu dut, jendearen baiezko errazek eta borondateak zur eta lur utzi naute, eta zer esan taldean sortutako loturaren indarraz… ikaragarria. Are ikaragarriagoa toberaren baitan zeuden hausnarketa sozio-politiko-ekonomiko… eta abarrak kontuan izanik. Benetan jende anitza, lotura zuzenik gabekoak asko, eta San Prudentzioko muga gaindituta ezagutu ahal izan ditugun beste hainbat altxor.

Aktoreak? Itzelak. Pregoilariarekin hasi zen guztia. Aitor (Iza) ederto aritu zen lehen hitzetik, bereziki grazioso, batez ere mozkor plantak egitean! Epaile jauna (Mikel), dotore, Debagoixeneko seme izendatuko zaittugu azkenian! Beti burua martxan, adi, guztiari so! Konpainia aparta zenuen alboan… gure punki maitagarrixa, la Vinagre (Miren)!  Fiskal anderea (Ainhoa), dotore eta gogor, burua azkar, zure lehiakidearen gisan. Abokatu jauna (Eneko), bere saltsan, eguneroko inprobisazioan, abilezia handiz. Bergarako lekukoak, berriz, eleganteak, zentzu guztietan (Aitor, Ane Miren eta Enaitz). Almeneko ikasleak… zer esango dizuet ba! Barre franko egin dugu zuokin, gure Lili (Eneritz) eta Lulu (Kepa) maiteak! Salto ta salto, bira ta bira… Eta gure Amandre Santa Ines, zu bai altxorra (Larraitz), nola egin duzun lan, gogor. Abokatu jaunaren Pasantea (Ion) ere, nola ez, itzel! Eneko are gehiago “handitzen” zen zu alboan zintuenean! Arrasateko akusatuak… zuek bai akusatu makarrak! Aitziber eta Pollu, biak ala biak, autentikoak!

Arizmendiarrieta, Ehunate Giltzarri Mondragon, Hartza, Pitxu, Platon eta Aristoteles, epaimahaikideok, nazioarteko begiraleok eta atzeko lan gogorrean aritu zareten guztioi, mila esker esperientzia hau posible eginagatik! Zuri bereziki, Urru, zure azkartasunarekin eta begirada zorrotzarekin epaiketari zukua ateratzea lortu duzulako, artefakto aparta gure esku utziz!

Tobera Debagoienan geratzeko iritsi dela irakurri nion norbaiti. Ziur naiz hortaz. Hurrengo herria zein izango den ez dakigu oraindik, baina badago zer landu, izan ziur!

Laster arte, compañeros! Eta ez, ez gabiltza “esquivando contradicciones”, beroiei aurre egiten hasi gara!

 

Multilokalizazioa… edo deslokalizazioa?

Egia esan, Enpresagintzan hasi arte ez nekien ezer multilokalizazioaren inguruan. Gogoan dut ingeniaritza informatikoa ikasten ari nintzenean halako gauzetaz, deslokalizazioaz, arduratzen nintzela. Baina multilokalizazioa? Hitza ez nuen Enpresagintzara (ETEO garai hartan) iritsi arte entzun. Eta orduan jakin nuen multilokalizazioak esan nahi duela, azaletik definituta, lekuko enpresak mantenduz atzerrian beste batzuk zabaltzea. Deslokalizazioak, berriz, lekukoak itxi eta lurralde “merkeagoetara” joatea esan nahi omen du.

Eta hori neukan buruan. Jakina, horrekin erlazionatuta Arrasateko Kooperatiben Esperientziaren nazioartekotze kuriosoa ere badut buruan. Esan nahi dut, badirudiela arlo gako batzuk alde batera utzita, itsu-itsuan, joan direla atzerrira. Nolabaiteko estrategia argirik, edo misio argirik gabe. Bai, jakina, askok pentsatuko duzue (nik bezalaxe) egungo merkatuan bizirauteko ezinbestekoa dela atzerrira joatea, eta merkatuak eskatutako azkartasun eta dinamikotasunaren menpekoa izan dela guztia. Azken garaian, berriz, badirudi atzerrira joaterakoan nolabaiteko oinarri “filosofikoak” mantendu nahi direla, eta esperientzia kooperatiboarekiko koherente diren politikak aurrera eraman, ahal den heinean behintzat. Zaila askotan. Baina badakit badagoela motibazio sozial indartsua horren atzean. Jende konprometitua ezagutu dudalako kooperatibetan, inkoherentziekin arduratuta daudenak, eta sozialki erantzukizun handiagoa izatea beharrezkoa dela sentitzen dutenak.

Eta horretantxe nengoen, diskurso hori erabiltzen ari nintzen.

Continue Reading

HUHEZIko langileen adierazpena

Oso interesgarria eta irakurri beharrekoa iruditu zait gaurko greba orokorraren aurrean Mondragon Unibertsitateko HUHEZI fakultateko langileek argitaratutako adierazpena.

Hona hemen: