Tag Archives: Jardunaldiak

CIRIECen XIV. topaketak: kooperatibak krisiari aurre eginez

Twitter-en egin ditugu txio batzuk, eta jakingo zenuten azken egunotan Donostian eta Oñatin izan garela, kooperatiben eta ekonomia sozialaren inguruko topaketetan. Aurtengoan, Deustuko Unibertsitatea eta Euskal Herriko Unibertsitatearekin batera, Mondragon Unibertsitateak (MIK Ikerketa Zentroa tartean) antolatu ditu CIRIECen XIV. topaketak.

Interesgarriak izan dira topaketak, hainbat gairen inguruan aritu ginen. Eztabaida, mahai inguru, irekiera eta itxiera ekitaldietan kooperatibak alternatiba gisa aurketu dira. Alternatiba gisa, krisi multidimensionalari aurre egiteko. Blog honetan behin baino gehiagotan aipatu bezala, krisiaren aurrean kooperatibek erresistentziarako hainbat tresna dituztela. Hala ere, eredu horretan sakondu behar dugu, kontuan izanik paradigma ekonomikoaren aldaketa datorrela dirudiela, enpresen eskalak eztabaidagai izaten ari direla, produkzio eredu berriak planteatzen ari direla…

Testuinguru honetan, iruditzen zait nire tesian aztertzen dudan interkooperazioa aspektu gakoa dela kooperatiben biziraupen eta transformazioan. Aurreraxeago txertatu dudan power pointean ikusiko duzue Arrasateko Kooperatiben Esperientzian garatutako tresna gakoetako bat, Lagun-Aro, eta tresnaren aplikazioak ekarritako ondorioak. Artikulua ere txertatuko dut, publikatzen denean…

Bestalde, audio interesgarri bat duzue jarraian, Euskadi Irratian Lanki-ko ikertzaile den Iñigo Iñurrategi eta Fagorreko Lehendakari den Joxean Alustizarekin. Bertan kooperatibek eskaintzen dituzten aukerak dituzte mintzagai. Minutu batzuk hartzea gomendatzen dizuet.

 

Continue Reading

ATTAC, Auzolan eta beste zenbait kontu

Azken asteotan ekonomiarekin, auzolanarekin eta ekonomia alternatiboarekin erlazionatutako hainbat ekimenetan parte hartzeko aukera izan dut.

Auzolan topaketetara doakit burua, lehenbizi. Imanol Epeldek bere blogean utzi zizkigun lehenengo egunean hartu eta bildutako oharrak. Lehenengo eguna benetan interesgarria izan zen, eta Joseba Azkarraga HUHEZIko irakasle eta LANKIko ikertzaile denari aditzeko aukera paregabea izan genuen. Banekien hizlari aparta dela, esango nuke idazle aparta ere badela, baina hala ere harritu egin ninduen. Harritu, krisi globala bezalako gai korapilatsua (eta tristea) atsegin bilakatu zuelako, esaldi apartak entzuteko aukera eman zigulako. Egia esan, kutsu erromantikoa ere hartu nien bere hitzei, sentsibilitate eta sakontasun atseginetik esandakoak. Azpimarratuko nituzke “biziaren krisia”, “krisi bizia”-ren ordez erabili zuenekoa, edota deabrua gure baitan dugula esan zuenekoa, edota antsiolitikoen kultura aipagai izan zuenean.
Arratsalde hartan bertan kooperatiba integral katalana izeneko esperientzia ere ezagutzeko aukera izan genuen. Egia esan, ulertzeko nahiko zaila egin zitzaidan, ohar pila bat hartu nituen arren. Suposatzen dut barnetik ezagutu beharrekoa dela. Hala ere, asanbleatan oinarritutako mugimendua dela esango nuke, txanpon lokala (merkatuarekiko independentea) ikur gisa. Continue Reading