Tag Archives: Internet

#azoka47 eta @kabiadurango

Uste baino egun luzeagoa izan da gaurkoa, Durangon. Bazkaltzera etxera etortzeko asmotan joan, eta afaltzeko itzuli. Sendatuta eta pozik.

Izan ere, gaurkoa berezia izan da. Beñat, Unai eta Gorka lagunek (Talaios Kooperatiba sortu berriko kideak hirurak) jardunaldi interesgarriak antolatu dituzte gaurkorako Durangoko Azokako Kabian. Oreretatik Durangoraino iritsi da gaurkoan Kabia.

Goizeko planean lagun kuadrilatxoa elkartu gara (Asier Artsuaga eta Karlos Sukunza tartean), eta Durangoko Azokari gune berria sortu diogu: http://kabia.info/. Gunearen azalpena aurreraxeago jasoko omen dute txokoren baten. Era berean, David eta konpainiak hurrengo urterako sare egitura bat planteatu dute.

Arratsean, bestalde, Tabu 10 izenpean hitzaldi labur sorta bat izan dugu, Euskara hitza tabu izanda. Goizekoa baino jendetsuagoa, hori bai. Tartean etorri zaizkigu, besteak beste, Maite Goñi,  Iturri, Asier Miron, Lander Arbelaitz, Josi eta Olatz. Askotarikoak izan dira arratseko hitzaldiak (Blogsoviet proiektua tartean), guztiak ere erakusteko teknologiak jendartearen zerbitzura jartzean gauza interesgarriak eraiki daitezkeela (ikus Errenteriako Kabia eta Bakalhau, esate baterako). Hitzaldiotako baten Iturrik esandakoak bultzatu nau gaurkoan idaztera: blogak garabiak bezalakoak dira, unearen arabera, suntsitu edo eraikitzeko balio dezakete.

Amaiera bikaina eman diogu egunari gainera. Hedoi Etxarte lagunaren poesia liburuaren aurkezpenera hurbildu, eta txalo zaparrada eskaini diogu aurkezpen original zein ausartari. Zorte on proiektuaz, kamarada!

Kooperatiben webguneak eta domeinuak

Kooperatiben webguneetara edo kooperatiben mugimenduarekin lotutako guneetara jo duzue azken aldian? Hona hemen beraien webguneen adibide batzuk: www.goiena.net, www.mondragon.edu, www.arizmendi.eu, www.forokoop.coop, www.mik.es, http://talaios.net/, www.fagorederlan.es eta www.fagor.com.

Domeinuetan fijatzen bazarete, gutxi dira .coop duten guneak. Badirudi domeinuaren kostua bereziki altua dela, Beñat lagunak aipatu bezala. Nazioarteko Kooperatiba Aliantzaren (NKA edo ICA, International Cooperative Alliance) tarifen arabera, domeinuak urteko 120 dolarreko kostua luke. Interesgarria litzateke, horren harira, kooperatiben mugimenduak aintzat hartzea webguneek duten garrantzia eta beren izaera kooperatiboa azpimarratzea, eta dagokion erakundeari tarifen inguruan galdegitea. Izan ere, nazioartean eredu den euskal kooperatiben mugimenduak isla izan behar luke bai domeinuetan, baina baita kooperatibek erabiltzen duten izenetan ere. Egia esan, atzerritik Arrasatera etorritako batek baino gehiagok aipatu digu hemen “kooperatiba” hitza ez dela inon ikusten, kooperatibak nonahi egon arren. Lotsatzen al garen ere galdetu digute. Kuriosoa, ezta? Lortutakoaz (bere alde ilunekin) harro egonda ere, izandako arrakasta sozioekonomikoaren muina eredu kooperatiboa izan dela ez dugu erakusten ez kartel ezta domeinuetan ere.

Eta… domeinuen inguruko hausnarketa bultzatuko bagenu, izaera kooperatiboak duen garrantzia azpimarratuz? Apustu polita litzateke. Acicoop taldeak, adibidez, kooperatiba izateaz harro zaudela esateko eskaintza bat atera duela irakurri berri dut.

 

Mondragon Korporazioa Alemaniako komunikabide batean

Mondragon Korporazioko twitter kontuan jasotakotik abiatuta, Alemaniako komunikabide batek egindako Mondragon Korporazioari buruzko dokumental labur bat ikusteko aukera izan dut. Daturen bat edo beste guztiz zuzenak ez diren arren, interesgarria da kooperatibak bezalako eredu sozioekonomikoa duten enpresak hain leku onean uztea.

 


#kolosala -k Bilbo txiki utzi zueneko hura

Manifestazio ororen ondorengoak ezagunak dituzue. Egunkariak erosi (Euskaldunon Egunkaria eta Egin garai batean), eta argazkietan eta hitzetan gure esperantzak eta ilusioak islatuta ikusi. Baina azken aldian informazio uholdea probestu, eta hamaika komunikabidetan murgiltzen gara, interneteko argazkiak, estekak, artikuluak, bideoak… ikustera. Eta, atzoko kasuan bezala, txundituta eta irribarrez gelditzen gara sarri. Halakoa izan baitzen atzokoa, txundigarria eta pozgarria.

Gaurkoan, eta atzokoa egun historikoa izan zela buruan izanik, blogean irakurritako esteken bilduma egin nahi izan dut, irribarrez eta indarrez faltan gabiltzanean mezua zabaldu eta 110000 arrazoi izan ditzagun aurrera egiteko.

Hona hementxe bildumatxoa, iturri gutxi batzuekin. Zuek ere gehi ditzakezue, nahi izanez gero, topatutako altxorrak. Zuzeu-n ere ikusi dut bilduma bat, hemen.

Argazki/bideoak:

Artikuluak:

Azalak:

Herrigintza, euskara eta komunikazioa

Badakit sarean orain dela gutxi eztabaidatzen aritu zirela hainbat lagun, sarean erabili beharreko hizkuntzaren inguruan. Eta hainbat iritzi irten ziren (nola zen hura, “zenbat buru, hainbat aburu”?). Ez nintzen oso adi egon eztabaida hartan, zoritxarrez, baina gaurkoan hitz batzuk idatzi nahi nituen horri buruz. Gaurkoan, nire ezezagutzatik, sarean enpresek duten euskararekiko trataerari buruzko hitz batzuk idazteko asmotan zabaldu dut bloga, euskaltzale (sentitzen) naizen heinean ditudan pertzepzioetatik abiatuta.

Erabilgarritasunagatik eta efizientziagatik euskararen erabilerari uko egiten dioten jarreraren isla diren webgune, ikusentzunezko eta bestelakoak datozkit burura. Efizientzia aldetik, uler dezaket irakurle eremu zabalenari bideratzea dela gomendagarriena, eta niri ere blog honetan zaila egiten zait batzutan euskara ez den hizkuntza batean idaztea. Hala ere, erabili dut noiz edo noiz, bereziki mezu konkretu batzuk irakurle jakin batzuei bideratzeko. Beno, ba efizientzia horren bila, logikoa iruditzen zait, bai. Hori ere aitortu beharra dut. Baina…

Demagun efizientzia buruan dugula, baina herrigintza eta kultura “bezeroekiko” tratuan nahasten direla. Orduan bai gatazka! Nire logikatik, euskara azken aukera gisa izateak euskaltzaleak diren bezero potentzialak atzera bota ditzake (eta ez dut uste astakeria denik).

Eta pentsatuko duzue: baina euskaraz idazteak euskaldunak ez diren bezero potentzialak atzera botako ditu, era berean!

Nolako gatazka, ezta? Errespetua, komunitatea, lehiakortasuna, efizientzia…

Itxi begiak une batez (ez literalki, bestela ezingo duzue irakurri!), eta imagina ezazue atzerriko erakunde baten webgunera jotzen duzuela. Eta hori bai sorpresa! Erakunde horrek hainbat mezu ditu, ulertzen ez dituzunak, lekuko komunitateko hizkuntzan idatzitakoak. Eta itzelezko pena sentitzen duzu, mezu horiek ezingo dituzulako irakurri. Baina… imagina ezazu, orain, hizkuntza hori gutxitua dela, galtzeko arriskuan egon dena eta dagoena, eta komunitateak itzelezko ahalegina egiten duela uneoro hizkuntza hori gal ez dadin. Zer sentituko zenuke orduan? Ziur mezu horiek ez ulertzeak eragindako atzerakada hori, enpresa edo erakundeak herriarekiko eta hizkuntzarekiko duen errespetuarekin ahaztuko zaizula. Ez al da hala? Bat-batean, puntu batzuk irabazi ditu erakunde horrek, eta baliteke jorratzen dituen gaiak ezagututa enpresa horretara joko duzula, informazio orokorra hainbat hizkuntzatan badagoenez, badakizulako zertan ari diren.  Sinpatiagatik besterik ez bada ere.

Ez dakit, benetan, zein den neurria, non dagoen oreka. Nik bihotzetik idazten dut euskaraz, eta gauza batzuk euskaraz aurki ezin ditudanean min piska bat ematen dit. Ez zait axola ingelesez irakurtzea, edo gaztelaniaz, baina iruditzen zait herriarentzat lan egiten duen erakunde batek (halakoak dira gaur egungo enpresak, ezta?), begirunea erakutsi beharko lukeela bere kulturarekiko. BERE kulturarekiko, ez baikara ari Txinako komunitate txiki batek hitz egiten duen hizkuntzari buruz. Gure hizkuntzari buruz, euskarari buruz, ari gara. Gure nortasunaren zati esanguratsua den euskarari buruz.