Tag Archives: Interkooperazioa

Kooperatiben sarea eta interkooperazioa

Kooperatibak eredu sozioekonomiko alternatibo gisa ulertzen ditut. Askok ulertzen ditugu horrela. Merkatu kapitalistan egonda ere, bestelako balio eta printzipioak dituzten erakunde gisa. Kapitala tresna gisa dutenak, helburu gisa baino. Izan ere, kooperatiben funtsa komunitatearen garapena da. Oinarrian hori da. Beste kontu bat da egungo kooperatiba batzuen oinarria zein den, zergatik sortzen diren kooperatibak, kooperatibako kide batzuen helburuak zeintzuk bihurtu diren, eta abar luze bat.

Hala ere, ez da nire asmoa kooperatiba batzuen norabidearen (edo noranzkoaren?) inguruko hausnarketa egitea, baizik eta azken aldian gero eta nabarmenago egiten zaidan interkooperazio eta elkartasunaren garrantzia aldarrikatzea.

MONDRAGON adibide gisa hartzen badugu, bere gorabehera guztiekin, esango nuke bere arrakastaren gakoetako bat sortutako interkooperazioa, sarea bera, dela. Izan ere, zailtasun zein erronka berrien garaian printzipio eta helburu berak (antzekoak akaso) dituzten norbanako zein erakundeen arteko kolaborazioa gakoa bihurtzen da. Iraultzarako bezala, antolaketa eta sareak ezinbestekoak dira proiektu komunitario, lokal baina global, baterako. Krisi garaiko kudeaketa aztertzen ari naiz nire tesian, eta hori berori ikusi dut garbien: interkooperazioa eta kooperatiben arteko elkartasuna eta konpromisoa finkatuta eta egituratuta egotea zein garrantzitsua den. Kooperatibak alternatiba erreala izan daitezen zeinen garrantzitsua den kooperazioa.

Horren harira, eta Gipuzkoko beste txoko baten, Talaios Kooperatibako lagunek (Beñat Irasuegi, Unai Gorrotxategi eta Gorka Juliok) Olatukoop egitasmo interesgarria jarri dute martxan. Nolabait, orain dela 50-60 urte Debagoienean sortutako interkooperazioa eta elkartasunaren olatua egungo mugimendu kooperatiboan sortu nahi dute, eta horretarako oinarriak definitu dituzte. Etorkizun oparoa duena, egungo egoeran gero eta garrantzitsuagoa baita irla kooperatiboen sarea sortu eta indartzea.

CIRIECen XIV. topaketak: kooperatibak krisiari aurre eginez

Twitter-en egin ditugu txio batzuk, eta jakingo zenuten azken egunotan Donostian eta Oñatin izan garela, kooperatiben eta ekonomia sozialaren inguruko topaketetan. Aurtengoan, Deustuko Unibertsitatea eta Euskal Herriko Unibertsitatearekin batera, Mondragon Unibertsitateak (MIK Ikerketa Zentroa tartean) antolatu ditu CIRIECen XIV. topaketak.

Interesgarriak izan dira topaketak, hainbat gairen inguruan aritu ginen. Eztabaida, mahai inguru, irekiera eta itxiera ekitaldietan kooperatibak alternatiba gisa aurketu dira. Alternatiba gisa, krisi multidimensionalari aurre egiteko. Blog honetan behin baino gehiagotan aipatu bezala, krisiaren aurrean kooperatibek erresistentziarako hainbat tresna dituztela. Hala ere, eredu horretan sakondu behar dugu, kontuan izanik paradigma ekonomikoaren aldaketa datorrela dirudiela, enpresen eskalak eztabaidagai izaten ari direla, produkzio eredu berriak planteatzen ari direla…

Testuinguru honetan, iruditzen zait nire tesian aztertzen dudan interkooperazioa aspektu gakoa dela kooperatiben biziraupen eta transformazioan. Aurreraxeago txertatu dudan power pointean ikusiko duzue Arrasateko Kooperatiben Esperientzian garatutako tresna gakoetako bat, Lagun-Aro, eta tresnaren aplikazioak ekarritako ondorioak. Artikulua ere txertatuko dut, publikatzen denean…

Bestalde, audio interesgarri bat duzue jarraian, Euskadi Irratian Lanki-ko ikertzaile den Iñigo Iñurrategi eta Fagorreko Lehendakari den Joxean Alustizarekin. Bertan kooperatibek eskaintzen dituzten aukerak dituzte mintzagai. Minutu batzuk hartzea gomendatzen dizuet.

 

Continue Reading

IISJren Nazioarteko Kongresua Oñatin: Ekonomia Soziala

Uztailaren 6tik 8ra Oñatiko Unibertsitate zaharrean nazioarteko kongresua dugu, Ekonomia Sozialari buruzkoa: “IISJ Congreso Internacional: La Economía Social”. Ekonomia soziala zer den entzunda izango duzue, helburu sozialak bilatzen dituen enpresa-ekonomia eredua. Zenbaitzuek beren presentzia dudan jartzen duten arren, kooperatibak ekonomia sozialeko erakundeak dira, hala kontsideratzen dira. Kooperatibekin batera, zeintzuk agente ekonomiko zein sozialak diren, GKEak ditugu, besteak beste.

Ekonomia Soziala lantzen duen kongresu honetan MU Enpresagintza – MIKeko ikertzaileok ere parte hartu dugu, bai antolakuntzan, eta baita gure ponentziekin ere. Nik ere hartu dut parte, nire tesian lantzen ari naizen gaiaren lehen emaitzak aurkezteko. Zer aurkeztu dudan? Ba Mondragon Korporazioa aurkeztu dut, 2 diapositibatan laburtuta, ezaugarri gakoekin. Ondoren, azken urteetako salmenten bilakaera aitzakia gisa hartuta, kooperatibek dituzten krisia kudeatzeko tresnak azaldu ditut. Alde batetik, kooperatibek duten malgutasunerako gaitasuna ardatz dituen neurriak aipatu ditut: aurrerakinen murrizketa, interesei uko egitea (kapitalizatuz, adibidez), aurre-erretiroak… Beno, hainbat neurri, post batzuetarako ematen duen gaia (tesi baten zati baterako ere bai, jakina). Bestalde, Arrasateko Kooperatiben Esperientziaren baitan sortutako erakunde eta tresnak ere aipatu ditut, Lagun-Aro eta Zerbitzu Zentralak kontuan izanik, besteak beste. Lagun-Aroren Enplegu Laguntza Prestazioa da aipagarriena, beharbada. Kooperatiben arteko interkooperazioa ardatz duena. Hor ditugu bazkideen birkokapenak, adibidez. Tresna horrek kooperatiba batean dagoen pertsonal beharra eta soberan duenaren arteko elkartrukea du ardatz. Beste tresna garrantzitsu bat, kooperatiben artean dagoen elkartasunaren seinale garbia, emaitzen birmoldaketa da. Zer den emaitzen birmoldaketa? A eta B kooperatibak baditugu, eta Aren irabaziak Brenak baino handiagoak badira, bien arteko parekotasuna bilatzea da, emaitzen zati bat elkarbanatuz. Gauza bera gertatzen da galeren kasuan. Galerak ere sozializatu egiten dira eta, arraroa dirudien arren, Ak galerak baditu, baina Brenak baino txikiagoak badira, emaitzen zati bat Bri pasako dio, bere balantzea oraindik ere negatiboagoa izatea lortuz. Ez da, badirudien arren, gauza teoriko bat. Aurreko krisialdietako txostenetan ikusi nuen islatuta kasu hori.

Beno, gaurkoz nahikoa hitz egin dizuet nire tesiari buruz, ezta? :-)