Tag Archives: Grebaorokorra

#m29greba, hamaika arrazoi, #m29-an pilatuak

Hamaika arrazoi izan ditut, izan ditugu, greba egiteko. Eta beharbada, gaurkoan #m29greba traolarekin sare sozialetan irakurritako hau izan da esanguratsuena: greba ez da aukera pertsonal bat, aukera eta betebehar sozial bat da. Konpromisoa oinarri duen hautu soziala.

Eta zergatik egin dudan greba? Besteak beste, eta egun luze honen ondoren labur-labur adierazteko:

  1. Lan erreforma hau langileriaren aurkako eraso garbi eta bortitza delako. Gure aurkakoa, langileon aurkakoa, guztion aurkakoa.
  2. Bankuek, hau da, pertsona jakin batzuek, sortutako krisia jendartea ordaintzen ari delako, aberatsa aberatsago eginez eta errudunak heroi bilakatuz.
  3. Greba artefaktu soziala delako, langile kolektiboak protestarako duen tresna indartsuenetako bat.
  4. Ordua delako jendarteak botereari aurre egiteko, ados ez gaudela esateko.
  5. Erreforma hau azken urteotan gure eskubideek izandako murriztapenetan beste pausu bat delako; ez da lehena, eta zoritxarrez ez da azkena izango ere.
  6. Alternatibak posible direlako, eta alternatiba horiek lantzeko langileok kalean ere erakutsi behar dugulako gure indarra.
  7. Ezinbestekoa delako botere ekonomiko, sozial eta politikoei hemen gaudela esatea. Benetako botere soziala guk dugula erakusteko.

Sarri esaten da, nik ere hala uste izan dut une batzuetan, grebak ez duela ezertarako ere balio. Egun bakarreko ekintza gisa planteatzen bada behintzat. Baina kuriosoa da, ezertarako balio ez badu, zergatik jartzen dituzten halako oztopoak zenbait enpresarik langileek greba egin dezaten (Carrefour, Decathlon…)?

Itzela izan da gaurkoa. Kaleak gorritzen ikusi ditugu. Hau da bidea, lagunok, kolektibotasuna eta elkartasuna kalera ateratzea da bidea. Eraldaketarako lana, baina, egunez egun egin behar da.

Betebehar sozial eta pertsonaletik abiatuta, aurrera lagunok!

Besarkada indartsu bat, egun gogor baina eder honetan! Eta, ahaztu gabe, #animoXuban. Eta agur bat greba egin ahal izan ez duzuenoi, eta langabetuei, eta lan baldintza duinak ez dituzuen guztioi.

HUHEZIko langileen adierazpena

Oso interesgarria eta irakurri beharrekoa iruditu zait gaurko greba orokorraren aurrean Mondragon Unibertsitateko HUHEZI fakultateko langileek argitaratutako adierazpena.

Hona hemen:

Greba orokorrarekin bueltaka

Greben kontzeptua, gaur egungo planteamendua, egokia den ala ez, askotan izan dut buruan. Gogoan dut ikastola eta unibertsitate garaietan zein zen greba egitearen arrazoia eta ondorioa, kasu gehienetan, esango nuke. Izan ere, baziren batzuk arrazoia bera txiste moduan hartzen zutenak, gutxiengoak. Baina gehiengoa zen greba egin eta kafetegira joan edota atzeratutako lanak egiteko aprobetxatzen zutenak. Neure buruari harriak botatzen nabil, ni ere inkoherente xamarra izan nintzen-eta.

Hala ere, inkoherentziak inkoherentzia, jendartearen dinamika orokorra dela esango nuke. Baina zeintzuk dira benetako arrazoiak? Askotan mugatzen gara “gainbehera soziala” aldarrikatzera, “balore eza”, eta halakoak. Bai, hori ere ezaugarrietako bat da. Eta faktore eragile garrantzitsua da. Baina, bestalde, ez al da egia jendarteak greba egiteko arrazoia ez duela bere sentitzen? … um… Arrazoia beharbada bai, baina bere borroka ez dela pentsa dezake… Ez dakit, edo borrokarako moduek desilusionatu egingo du jendartea. Edo beste batzuren esku uzten du.

Hasi nintzen, orain dela urtebete inguru, Joseba Azkarragaren liburu bat irakurtzen (unibertsitateko irakaslea, ez politikaria), azkena dela uste dut (bukatu? ez, flojo xamar nabil irakurketa munduan…). Bertan borroka sozialak instituzionalizatu egin direla aipatzen zuen, baita argudiatu ere. Urruti gelditzen zaizkit bere arrazoitzeak, memoriako leku urrun baten gordeta, baina gogoratzen dut  homosexualen eskubideak aipatzen zituela. Nolabait, ezkontzerako orduan dituzten eskubide berberak bere egin ondoren, jendarteak borrokarako arrazoiak atzean gelditu direla uste du. Eta lixto. Normalizazioan dagoen hutsunea aintzakotzat hartu gabe. Eta horrela, hainbat alderdi eta arlotan.

Egungo problematika, aldiz, instituzionalizatutako eskubideen ukatze gisa deskriba genezake. Hau da, langile eta biztanle  gisa lortu ditugun eskubideak instituzionalizatzearen ondorioz, eta bankuen hegemonia eta gidaritzaren eraginez, eskubideak galtzen ari gara. Eta badirudi ez diola inori axola.

Ez dakit zein den iraultzari hasiera emateko bidea, baina topatu egin behar dugulakoan dago. Borroka literalean oinarritutako iraultza, edota iraultza ixila. Baina iraultza, edonola ere. Izan liteke komunitate kooperatibo eta autoeratuak sortu eta bultzatzea, hori delako nire lanerako esparrua, nire “bizilekua”, baina bide bat liteke.

Egungo lan erreformak eta eskubideen murrizketak

Badirudi bagabiltzala konturatzen pasa den urtean egindako lan erreformek ez zutela helburu lanpostuak haztea. Eta ez da hori lortu, jakina.

Epe motzera ezin dituztela emaitza oparoak lortu, hori ere egia izan liteke. Hala ere, badira ikertzaileek 90. hamarkadako krisian argitaratutako zenbait artikulu, non hartutako erabakiak guztiz okerrak direla (okerrak baino, alferrikoak) enplegua sortzeko.

Hona hemen gaur irakurritako artikuluaren zati bat (Fina, 1995*):

“La conclusión más importante de este análisis es que, si se aplican las medidas adecuadas, el problema del paro en Europa tiene solución y tiene, además, una solución que no pasa necesariamente por la degradación de las condiciones de trabajo o por el desmantelamiento de unas instituciones sobre las que, en buena medida, se ha basado la prosperidad europea de la posguerra.”

Eta ez da gauza bera dioen artikulu bakarra…

 

* Fina, Lluis (1995), “El problema del paro en Europa: causas y remedios”, Ekonomiaz, 31-32: 12-45

Greba orokorra

Egun on.
Maiatzaren 21a. Greba deialdia. Hasi dira sindikatuak mugitzen, baina ez dira bakarrak. Alderdi politiko eta gizarte eragileez gain, euskal blogosfera mugitzen ari da. “euren krisia eurek ordain dezatela”. Horixe da lema.
Helbide hau da mugimendu horren seinale: http://www.grebaorokorra.info/
Hemen, greba deialdia internet bidez zabaltzeko ekimenak: http://www.grebaorokorra.info/wiki/index.php/Azala#Dokumentuak