Tag Archives: Eraldaketa Soziala

Ilunak argituz

Ordu luzeak pasa ditugu Arrasate inguruko kooperatibak kritikatzen. Multinazional hutsak direla, kapitalistak, galdu dutela funtzio soziala, eraldaketa soziala beraien planetan sartu ere ez dela egiten, gabezia handiak daudela balio kooperatiboen inguruan… Ondo arrazoitutako kritikak izan dira batzuetan, arinkeriaz beste batzuetan. Erronka enpresarialez jositako hamarkadak izan dira. Gerra ondorengo Arrasate banatu eta gosetuan hasi, frankismotik pasa, eta globalizazio kapitalista latzean murgildu. Urte batzuetako perspektiba hartzea ezinbesteko izan zen esperientziaren argi-ilunak identifikatzeko, eta horien araberako neurriak hartzeko. Eta neurriotako bat da Lanki ikertegiak eskaintzen duen Kooperatibagintzan Aditu Titulua.

7 hilabeteren zehar kooperatibagintzari buruzko teoriak baino gehiago lantzen dira graduondokoan. Jasotzen dira hainbat adituren testigantzak, besteak beste langileen parte-hartzeari eta krisi sistemikoari buruzkoak. Baina entzule gisa interesgarrienak kooperatibetako testigantzak izan dira. Eraldaketa sozialaren bueltan bailarako zenbait kooperatibek dituzten egitasmo eta planek liluratu naute. Gustura entzun ditut langileen parte-hartzea bultzatzeko hartzen ari diren neurriak eta dauden egitasmo sendoak. Kontseilu soziala dinamizatzeko proiektuetatik eraldaketa sozialerako egitasmo zehatzetara, egungo egoera sozioekonomikoan kooperatibek duten rola aztertuz.

Zaila da hutsetik eraikitzea, baina hartutako norabideak aldatzea zailagoa delakoan nago. Inertziekin hautsi eta zer garen eta nora goazen kuestionatzea. Eraldaketa, parte-hartzea, formazioa, ahalduntzea… eta hori guztia milaka bazkide eta langileko kooperatibetan. Hazkunde eredu bati jarraituz eraikitakoa birplanteatu eta kooperatibetako funtsetara eramatea ez da erraza, aitortza eta autokritika, biak behar dira. Autokritikatik ondo egindakoa aitortu, eta argietatik ikasiz ilunak argitzea.

Kooperatibak irla direnean

Debagoienean kooperatibak ohikoak dira, Arrasateko Kooperatiben Esperientziaren hastapenetatik bailaran izaera juridiko ohikoa bihurtu da. Komunikazio kooperatibak, industria kooperatibak, zerbitzuak, hezkuntza… esparru guztietara hedatu da kooperatibismoa. Demokrazia ekonomikoa, berdintasuna, elkartasuna… (nahi) ditugu erakundeotan. Kooperatibak ez dira perfektuak, kooperatibismoa egunerokoan praktikara eramatea ez da erraza, baina eredu justua(agoa) da.

Hala ere, inpresioa daukat berdintasuna eta eraldaketa soziala barnera begira aldarrikatzen dugula soilik. Kooperatibak ingurunetik at ikusten ditugu askotan, gure zilborrari soilik begiratzen diogu sarri. Langileen eskubideak murrizteko legeak onartzen dira gobernu publikoetan, sindikatuen ilegalizazioa bultzatzen da boteretik (kapitaletik), murrizketak aplikatzen dira zerbitzu publikoetan, lanpostuak modu masiboan suntsitzen dira… baina oraingoz geure ekosistema salbu dago. Eta lasaitasun horretan ahazten dugu (inpresio hori dut behintzat) langile gisa konpromisoak ditugula gizartearekin. Ongizate eta eraldaketa soziala ezin da ekosistema propiora mugatu, eskubideen aldeko borroka guztion esku dago. Konturatzen ez garen artean eraldaketa sozial erreala ez da lortuko, kooperatiben helburuak ez dira beteko.

Ulgor kooperatiba (lehengo Fagor Etxetresna Elektrikoak) (Joxe Aranzabal, cc-by-2.0)

 

Langileen parte-hartzea: diskurtso hutsetik praktikara (@etzipm -n argitaratua)

Langileen parte-hartzea ez da gai berria hainbat ingurunetan. Enpresa eredu demokratikoa aztergai eta presente izan dugunon artean aspaldi landutakoa dugu. Hala ere, azken urteotan pentsaezin zen zirkulutan ere jorratu da gaia, enpresa eredu demokratikoetatik harago funtzionamendu piramidalak nagusi direnetan.

Parte-hartzea bi norabidetan planteatzen dituzte enpresek, oro har: lanpostuko parte-hartzea (autogestioaren izenpean) eta emaitzetan partaidetza.

Lehenari dagokionez “harreman estilo berriak” aldarrikatzen dituztenak badira, kooperazioa eta lankidetza berrikuntzak bailiran. Mendetan zehar auzolana ere deitu izan zaio Euskal Herrian. Hala ere, egia da eredu demokratikoa duten hainbat erakundetan lanpostuko parte-hartzea alde batera utzi dela urte askoan, sistema Fordista aplikatzearen ondorioz. Baina badago marraztu beharreko muga bat, autogestioaren izenean egun zenbait enpresetan aplikatzen diren politiketan. Errealitatean bertikalki ezarritako helburuak edonola betetzea eskatzen baitzaio langileriari. Lan-baldintzak eta duintasuna alde batera utzita, horretarako beharrik bada.

Emaitzetan parte-hartzeari dagokionez, langile kolektiboari eskatzen zaio konpromisoa erakundearekiko, helburu “komunekiko”. Hain zuzen ere orain, enpresetako emaitza negatiboak direnean banatu beharrekoak. Mezuak irabaziak daudenean errepikatuko ote diren, zalantza handiak ditut.

Langileen parte-hartzea bultzatzearen atzean interes ekonomiko hutsak egon litezkeen arren (badira hainbat kasutan), probestu behar genuke aukera parte-hartzea bere osotasunean mahaigainean jartzeko, baita enpresa ereduak ere.

Hain zuzen ere kooperatibak dira aipatutako bi parte-hartze esparruak bateratzen dituztenak. “Kooperatibak ez dira perfektuak, baina bai perfektibleak” zioen aitak, Arizmendiarrietari erreferentzia eginez. Perfektibleak, baina batez ere eraldaketa sozioekonomikoa lortzeko lankidetzan eta demokrazia ekonomikoan oinarritutako tresnak dira. Kapitala lanaren menpekoa bihurtzen dutenak, emaitzen banaketa baino, etorkizuna eraikitzeko emaitzen berrinbertsioa planteatzen dutenak. Norbanakoen garapena alde batera utzi gabe helburu komunitarioak bilatzen dituztenak.

Dena den, ezin gara itsutu. Kooperatibak enpresa eredu hutsak dira. Testuinguruaren arabera arrakasta izan dezaketen tresnak, edota abantaila fiskal hutsengatik sortutako erakunde kapitalista soilak.

 Etzi.pm-n 2015/01/13an argitaratua (cc-by-sa)

Adegi, zergak eta langileen parte-hartzea

Ez da lehenengo aldia Adegi-ren adierazpenek goiza muturtu didatena. Guibelaldek dio Gipuzkoako Bilduk ez dituela inoiz lanpostuak sortu, eta orain lanpostuak arriskuan jartzen ari direla, aberastasunaren gaineko zerga aplikatuz enpresariak larrituz. Osasun mental eta emozionalaren kalterako, twitterreko erabiltzailearen TLra jo dut, eta perlatxoak topatu.

 Ea ba. Zergak. Bere zentzua eta helburuak. Aldeko eta kontrako iritziak izanda ere, egun zergen funtzioa da gizartearen beharrei erantzutea. Alde batetik, behar “sozialei”: osasuna, hezkuntza edota gizarte zerbitzuak, besteak beste. Bestetik, garapen sozioekonomikorako egitasmoei. Sozio azpimarratu nahi izan dut, enpresak eragile sozioekonomiko gisa ulertzen ditudalako, eraldaketa eta ongizate sozialera bideratutakoak. Hala, Adegik hainbeste kritikatutako zergek badute eragina eta laguntzen diete enpresei, bai berrikuntza programak bultzatuz, baita enpresa egitasmo berriak sustatuz ere. Era berean, esango nuke Adegi berari ere laguntzak ematen dizkietela, eta funtzionamendurako beharrezko baliabideak eskuratzen dituztela. Ez dut ulertzen, beraz, zergatik halako arazoak aberastasunaren gaineko zergak aplikatzearekin.  

Bi txioak bata bestearen ondoren jarri ditut, apropos.

Ezaguna da Adegik langileen parte-hartzea sustatzeko asmoak eta plangintzak jarri dituela martxan. Kooperatibek, besteak beste, urteak daramatzate parte hartzea aldarri izaten. Orain arte, baina, enpresa konbentzionaletan (salbuespenak salbuespen, eta guztiak Adegi-rekin parekatzeko inongo helburuarekin) ez da langileria aintzat hartu. Langileria soilik obeditzeko izan da maiz (eta bada zenbait kasutan), ahotsik gabeko tresna. Estrategia enpresarialetik begiratuta, huts ikaragarria. Izan ere, langilea enpresaren parte sentitzea lortzen badu enpresariak, lanerako motibazioa handituko du, efizientzia eta errentagarritasuna handitzeko aukera handiak sortuz. Alde batera utzi nahi ditut oraingoan ardura soziala eta pertsonen garrantzia, apropos. Termino enpresarial hutsei begiratu nahi diet. Eta termino enpresarial horiekin bat dator zergen afera.

Beraz, bi txio horiek, langileriaren parte-hartzearen aldeko mezuak, termino enpresarial hutsetan kokatuko nituzke nik. Make up pixka batekin (ingelesa erabiltzeko moda horri keinu), botere ekonomiko hutsa helburu duen estrategia pertsonen ardura bihurtu nahi dute, kanpora begira behintzat.

Parte-hartze finantzarioa proposatzen dute Adegiko enpresariek, enpresak langileen jabetzakoak bihurtuz, enpresa komunitarioa lortu bidean-edo. “Zenbait” guruk gauza berbera proposatzen dute, “pertsonen” garrantzia tonu erasokor eta bortitzean zabalduta izanda ere (funtsean langileriaren erabakitze ahalmena hutsaren hurrengora mugatzen duten arren). Jabetza finantzario elkarbanatua gauza handia da, bai horixe. Kooperatiben gakoetako bat ere bada. Ekonomia ulertzeko modu bat da, demokrazia ekonomiko aldarri duena. Larritzen nauena da, baina, galeren sozializazio garaian jartzea martxan halako egitasmoak, irabazien indibidualizazioak amaitzean. Askoz ere ebidenteagoak iruditzen zaizkit helburu enpresarial hutsak, irabazien banaketarik egoteko aukerarik ez dagoenean eta langileriari enpresaren onerako sakrifizioak eskatu behar zaizkionean.

Enpresa guztiona dela sinesten dut, gakoa dela iruditzen zait proiektu komunitarioak indartu eta sustatzea. Hala ere, ez dut uste mezu eta jarrera horiekin bide onetik doanik Adegi. Inteligentzia enpresarial hutsetik bada ere, langileriaren alboan daudela antzeztu behar lukete.

Mitoak mito

Elkarrizketa mugatu (140 karaktere) baina interesgarriak ari gara egunotan sarean izaten, kooperatiben eta bailararen bilakaeraren inguruan. Hedoi Etxartek Argiako artikulu baterako esteka ere eman digu, gomendagarria benetan (eskerrik asko, portzierto).

MONDRAGONen bilakaerak hainbat gako izan ditu, egungo egoerara arteko garapena hainbat faktoreren menpekoa dugu. Ormaetxeak dioen bezala, diktadura garaian kooperatibek zuten izaera oxijenatzailea galdu du, eta “demokrazia” izatera ohitu gara. Arrunt, natural, ikusten dugu erakundeak demokratikoak izatea. Arrasatear gisa hala ikusten dut akaso. Beharbada horrek gure eskubideei balioa kentzea eragin digu. Eta ahantzi dugu eskubideez gain betebeharrak ere baditugula. Erantzukizunak.

Ez da demokraziaren balio galtzea bakarrik. Merkatua aldatu zaigu. Filialak ditugu, merkatu kapitalistan seko murgildu gara. Ez litzatekeela hala izan beharko? Ez dakit, zaila zait erantzun bat ematea. Berrian aipatzen nuen hirugarren ildotik gertuago nagoela uste dut. Bihar kontrakoa esan dezakedan arren.

Ongizate (sozio)ekonomikoak borrokarako grina ere baretu digula askok diote. Euskararen ofizialtasunarekin borrokarako kontzientzia galdu dugun gisara. Hala ere, uste dut Debagoienak mantendu duela lanerako grina. Badugu euskalgintza, badugu komunikabide indartsua, badugu unibertsitatea, badugu kultura mugimendua, baditugu… hamaika gauza. Hobeak izan litezkeela? Ziur. Lan gogorrago egin genezakeela? Ziur. Ez dugu sekula perfektuak garela esango, guztiok dakigu hobetzeko gauza asko ditugula. Baina lorpenak ere ikaragarriak izan dira.

Desbideratzen ari naiz, hala ere. Arrasateko Kooperatiben Esperientzia ez da 40 urteko gainbehera izan, hori da esan nahi nuena. Ez ditzagun gauzak muturretara eraman. Kontzientzia galdu dela? Akaso. Inplikazioa ere bai? Baliteke. Baina aizue, mugimendu kooperatiboa sortu zenean kooperatibetan gogor lanean aritu ziren guztien inspirazioa ezin dugu filosofikoa izan zela pentsa. Enpresagintzan egin genuen bideo honetan sumatzen da. Oinarri filosofikoak bazirela, ados, baina gosea zen nagusi. Jateko gehiago izateko frigorifiko gehiago produzitu behar baziren, produzitu egingo ziren. Eta punto. Ez dezagun mitifikatu. Jarrai dezagun eraldaketa bilatzen, ondo egindakoa gogoan izanez eta erronka zahar eta berriei gogoz aurre eginez.

 

CIRIEC Helduak from enpresagintza on Vimeo.