Tag Archives: Elkartasuna

Kooperatiben sarea eta interkooperazioa

Kooperatibak eredu sozioekonomiko alternatibo gisa ulertzen ditut. Askok ulertzen ditugu horrela. Merkatu kapitalistan egonda ere, bestelako balio eta printzipioak dituzten erakunde gisa. Kapitala tresna gisa dutenak, helburu gisa baino. Izan ere, kooperatiben funtsa komunitatearen garapena da. Oinarrian hori da. Beste kontu bat da egungo kooperatiba batzuen oinarria zein den, zergatik sortzen diren kooperatibak, kooperatibako kide batzuen helburuak zeintzuk bihurtu diren, eta abar luze bat.

Hala ere, ez da nire asmoa kooperatiba batzuen norabidearen (edo noranzkoaren?) inguruko hausnarketa egitea, baizik eta azken aldian gero eta nabarmenago egiten zaidan interkooperazio eta elkartasunaren garrantzia aldarrikatzea.

MONDRAGON adibide gisa hartzen badugu, bere gorabehera guztiekin, esango nuke bere arrakastaren gakoetako bat sortutako interkooperazioa, sarea bera, dela. Izan ere, zailtasun zein erronka berrien garaian printzipio eta helburu berak (antzekoak akaso) dituzten norbanako zein erakundeen arteko kolaborazioa gakoa bihurtzen da. Iraultzarako bezala, antolaketa eta sareak ezinbestekoak dira proiektu komunitario, lokal baina global, baterako. Krisi garaiko kudeaketa aztertzen ari naiz nire tesian, eta hori berori ikusi dut garbien: interkooperazioa eta kooperatiben arteko elkartasuna eta konpromisoa finkatuta eta egituratuta egotea zein garrantzitsua den. Kooperatibak alternatiba erreala izan daitezen zeinen garrantzitsua den kooperazioa.

Horren harira, eta Gipuzkoko beste txoko baten, Talaios Kooperatibako lagunek (Beñat Irasuegi, Unai Gorrotxategi eta Gorka Juliok) Olatukoop egitasmo interesgarria jarri dute martxan. Nolabait, orain dela 50-60 urte Debagoienean sortutako interkooperazioa eta elkartasunaren olatua egungo mugimendu kooperatiboan sortu nahi dute, eta horretarako oinarriak definitu dituzte. Etorkizun oparoa duena, egungo egoeran gero eta garrantzitsuagoa baita irla kooperatiboen sarea sortu eta indartzea.

Identitatea eta proiektu komuna

Gaur asteartea da, 13, eta “martes y trece” hitzak etengabe datozkit burura. Egun aldrebesa dudalako, beharbada. Edota atzoko entsegutik nekatuta irten nintzelako. Edo… Beno, kontua da identitatearen eta proiektu komunaren beharra izan dugula berbagai gaurkoan.

Jakingo duzuen bezala, azken asteotan Izaskun Murgia Elkarte Lirikoko kideok gelditu gabe gabiltza, entseguz entsegu. Domekan orkestrarik gabe baina entsegu luzea izan genuen, atzo orkestrarekin… Eta aste hau benetan betea izango dugu, larunbatean bertan estreinaldia dugu-eta. Eta zergatik aipatzen dudan hau guztia? Ba gaurko hausnarketarentzako (hilabete honetakoa?) oinarri eta abiapuntu aparta delako.

Elkarte Lirikoko kideok proiektu komuna dugu, helburu jakinak, taldeko kide sentitzen gara. Eta proiektu komun horretan, gure bihotza, gogoa eta indarra jartzen dugu, inongo erreparorik gabe eta irribarrez. Ahal dugun guztia eginez. Nekatuta egongo gara, ziur, baina estreinaldia ederto irten dadin, ordu pila bat sartzeko prest gaude. Eta taularatzerakoan, orduan bai izaten dela aparta! Orduan ikusten da zer nolako talde sentimendua dagoen. Guztiok gaude zain, ea koruari eta ea bakarlariei guztia merezi bezala irteten zaien. Ederra da. Talde sentimendua, lotura, identitatea, konpromisoa.

Ez da erraza konpromiso eta lotura hori herrigintzatik erakundeetara eramatea, beharbada. Baina iruditzen zait garrantzitsua (ezinbestekoa) dela erakundeko kide guztiek (edo gehienek akaso) proiektu komunarengan sinestea. Sinetsi eta ilusioz hartzea lana. Bai, lana beti da lan, baina helburu komunak izateari abantailak besterik ez dizkiot ikusten. Bereziki kooperatibetan, jabetza ere konpartitua, komunitarioa, den heinean.

Nola lor daitekeen hori? Lider onak izatea ezinbestekoa da, baina ezin dugu ahaztu norbanakoaren konpromisoa eta ilusioa ere garrantzitsua dela. Guztiok sentitu behar dugu proiektua gure, egunerokotasunean egin beharrekoak soldata baino gehiago esan nahi dezan.

Kooperatibetako ordainsariei buruz: indizeak mantentzea justua al da?

Kooperatiben inguruko hainbat mezu eta ohar idatzi ditut hemen bloga sortu nuenetik. Mezu batzuk kooperatiben abantailak aztertzen, eta beste batzuk kritikak egiten. Hala ere, lagun eta lankideekin sarri mintzagai izan dudan gaiari heltzeko momentua heldu dela uste dut: ordainsariena. Gai konplikatua da, diru kontu denak diren bezala. Izan ere, ordainsariei emandako garrantzia eta esangura aldatzen baita norbanakoaren arabera. Era berean, bakoitzak berdintasunaren eta justiziaren inguruan ditugun pertzepzioak ere ezberdinak diren heinean, ezinezkoa ez baina zaila, benetan konplikatua, da ordainsari edo aurrerakinen auzia jorratzea.

Kooperatiben historian zein Arrasateko Kooperatiben Esperientzian (AKE) zehar, oker ez banaiz, ordainsari justuei buruzko eztabaida garrantzitsua izan da. Ordainsaria justua eta kooperatibaren ahalmenaren araberakoa izan behar dela dio, adibidez, AKEren 6. Oinarrizko Printzipioak. Justua izateak duen erlatibotasunarekin. Esate baterako, AKEren hastapenetan, kooperatibako bazkideen arteko ordainsariak 1/3 artekoak ziren. Kooperatibak handitzen eta indartzen joan ziren heinean, berriz, tarte hori motz gelditu zela esan liteke. Izan ere, zuzendaritzako postuetako langileek inguruko enpresetan izango luketen ordainsariarekin alderatuz oso baxua zen. Hori zela-eta, beren ordainsariak handitzeko aukera izateko, indizeen arteko tartea handitu zen. Eztabaidagarria izan liteke postu horretako kideei ordainsarien igoera planteatu behar izatea bera, eta luze jo lezake eztabaidak. Hala ere, oraingoan ez da nire asmoa aldaketa hori lantzea. Indizea mantentzea justua den ala ez landu nahi nuke. Alderdi polemiko zein delikatua.

Kooperatiben funtzionamendua ezagutzen ez duzuenontzako, kooperatibetako ordainsariak (edo aurrerakinak) indizeen arabera definitzen dira. Indizearengan lanpostuak berak eragiten du, lan-bazkideak dituen erantzukizunen araberakoa izanik. Bestalde, esperientziaren, antzinatasunaren eta beste faktore batzuek ere eragiten dute, kooperatiba bakoitzaren kasuan aldagaiak alda litezkeelarik. Oro har, eta salbuespenak salbuespen, indize horiek baldintzatuak egoten dira lan-bazkideek arestian izandako lanpostuen arabera. Hau da, denbora jakin bat (demagun 4 urte direla minimoa) zuzendaritza postu batean pasa badu lan-bazkideak, indize hori mantendu egiten zaio, oso-osorik edo zati bat behintzat. Esan bezala, salbuespenak salbuespen, eta kasuan kasuko portzentaje eta mugekin. Hala ere, esan liteke badagoela nolabaiteko kurba profesionalaren ukatze sistematiko bat, onarpen falta, berez naturala dena. Izan ere, “igotzen den guztia jausten da” (eta barka hitz tekniko egokienak ez erabiltzea). Horrela, 40 urterekin izandako indize bat handik 20 urtera berdin manten liteke, uneko lanpostuaren indizea baxuagoa izan arren.

Kontzeptu honek kooperatibako kideen artean ezinegona sortzen duela ezin da ukatu. Justizia hitza datorkit burura. Justua ote da lan berbera egiteagatik albokoak 3 aldiz gehiago jasotzea? Baietz argudia daiteke, urtetan egindako sakrifizioaren ordaina jasotzea zilegi dela. Azken finean, ardura hori hartu duenak beste zenbait erronka profesional alde batera utzi ditu (ikerketa proiektuak, lan teknikoaren garapena…). Egia esan, niri gogorra eta injustua iruditzen zait ordainsaria mantentzea, ezberdintasunak sortzen dituelako langileriaren artean.

Hala ere, uda honetan irakurtzen hasitako liburu batek zalantzak eragin dizkit. Bertan zioenez, norbanakoaren esperientzia profesionala eta espezializazioa baloratzetik, ezagutza berria lortzeko eta etengabeko ikasketarako ahalmena baloratzera pasa da merkatua. Lanpostu finko batetik (bizi osokoa izan liteke), etengabeko aldaketa bilatzen da, egokitzapena, lehengoa alde batera uztea. Dinamikotasunak alde positibo anitz izango ditu, baina leku batetik bestera joate horrek, norbanakoen erroak alde batera uztera, galtzera, bultzatu omen du. Eta, sustrai horiekin batera, komunitate kontzeptuaren galera ere etorri omen da. Hala ere, esango nuke ez dela hau kooperatiben kasua (ez guztiz behintzat), kapitalismoarena orokorrean baizik, kooperatibek eskaintzen duten oreka, ziurtasuna eta loturak komunitatearen garapenean laguntzen duelako, kolektibotasuna mantentzen lagunduz, lanean zein lanetik kanpo. Zentzu horretan, eta lortutako esperientzia pertsonal zein profesionala baloratu behar den heinean, argudia liteke ordainsarien sistema justuak kontuan izan behar lukeela “kooperatibari eskainitako urte horiek”. Eta ironia puntu batekin diot, uste dudalako kooperatibari eskainitako urteak ez direla lanpostuko arduren araberakoak, lan-bizitza osoari egiten baitie erreferentzia.

Beraz, eta gehiago ez nahasteko, zein da nire planteamendua? Iruditzen zait egun kooperatibetan (salbuespenak salbuespen) erabiltzen den ordainsari politika, indizea mantentzea (guztiz edo zati bat izanik ere), ez dela justua eta ez duela kohesioa bilatzen, hautsi baino. Horregatik, beste konpentsazio moduren bat topatuko nuke nik. Lagun batek dio hilabete batzuetako “eszedentzia” ematea litzatekeela bidea. Ideia ona litzateke. Baina ez, egungo sistema ez zait justua iruditzen, norbanakoaren esperientzia baloratu behar den arren. Beharbada ordua iritsi da ordainsari sistema justu, bidezko eta kooperatibismoaren oinarriarekin bat letorkeena diseinatzeko (eta ez “goi-postuetako” bazkideei begirakoa soilik). Baliteke horretarako ere une egokia izatea egungoa.

#m29greba, hamaika arrazoi, #m29-an pilatuak

Hamaika arrazoi izan ditut, izan ditugu, greba egiteko. Eta beharbada, gaurkoan #m29greba traolarekin sare sozialetan irakurritako hau izan da esanguratsuena: greba ez da aukera pertsonal bat, aukera eta betebehar sozial bat da. Konpromisoa oinarri duen hautu soziala.

Eta zergatik egin dudan greba? Besteak beste, eta egun luze honen ondoren labur-labur adierazteko:

  1. Lan erreforma hau langileriaren aurkako eraso garbi eta bortitza delako. Gure aurkakoa, langileon aurkakoa, guztion aurkakoa.
  2. Bankuek, hau da, pertsona jakin batzuek, sortutako krisia jendartea ordaintzen ari delako, aberatsa aberatsago eginez eta errudunak heroi bilakatuz.
  3. Greba artefaktu soziala delako, langile kolektiboak protestarako duen tresna indartsuenetako bat.
  4. Ordua delako jendarteak botereari aurre egiteko, ados ez gaudela esateko.
  5. Erreforma hau azken urteotan gure eskubideek izandako murriztapenetan beste pausu bat delako; ez da lehena, eta zoritxarrez ez da azkena izango ere.
  6. Alternatibak posible direlako, eta alternatiba horiek lantzeko langileok kalean ere erakutsi behar dugulako gure indarra.
  7. Ezinbestekoa delako botere ekonomiko, sozial eta politikoei hemen gaudela esatea. Benetako botere soziala guk dugula erakusteko.

Sarri esaten da, nik ere hala uste izan dut une batzuetan, grebak ez duela ezertarako ere balio. Egun bakarreko ekintza gisa planteatzen bada behintzat. Baina kuriosoa da, ezertarako balio ez badu, zergatik jartzen dituzten halako oztopoak zenbait enpresarik langileek greba egin dezaten (Carrefour, Decathlon…)?

Itzela izan da gaurkoa. Kaleak gorritzen ikusi ditugu. Hau da bidea, lagunok, kolektibotasuna eta elkartasuna kalera ateratzea da bidea. Eraldaketarako lana, baina, egunez egun egin behar da.

Betebehar sozial eta pertsonaletik abiatuta, aurrera lagunok!

Besarkada indartsu bat, egun gogor baina eder honetan! Eta, ahaztu gabe, #animoXuban. Eta agur bat greba egin ahal izan ez duzuenoi, eta langabetuei, eta lan baldintza duinak ez dituzuen guztioi.

Kooperatibak alternatiba eta erresistentzia gisa

Beldurgarria, nolabait esatearren. Beldurgarria da inolako lotsarik gabe inposatu dizkiguten enpleguaren gaineko neurriak ezagutzea. Gero eta gehiago entzun beroiei buruz, gero eta ikara handiagoa sartzen zait gorputzean. Eta Greziako iraultza datorkit burura, eta Euskal Herrian zein Espainian dagoen erreakzio falta. Beharbada bat-batean lehertuko da guztia, eta Greziako erresistentziaren biolentzia iritsiko da kalera. Baina ez gaitezen itsutu, biolentzia praktikatzen da, merkatu finantzario eta botere ekonomikotatik. Boterearen biolentzia eta krudelkeria da greziarren egoera gero eta okerragoa egingo duena, Frantzian hainbat suizidio eragin dituena, aberatsak aberatsago eta pobreak pobreago egingo dituena. Nolabait, kapitalismoaren krudeltasuna 1. mundura iritsi zaigu. “Guk” egindakoa “guri” iritsi zaigu, bueltan. Sikiera, lapurtu diegun herrialdeen mendekua balitz…
Egoera kezkagarri honetan, eta lan erreforma gogorrak ezagutzen ari garen honetan, kooperatiben rola etorri zait burura. Kooperatibak, izaera juridiko hutsetik harago, erresistentziarako eta langilegoaren eskubideak errespetatzeko tresna direla iruditzen zait.
Kooperatibek badituzte tresna propioak, autogestioan eta boterearekiko independentzian oinarrituta barneko erabakiak har ditzaketenak. Bazkide guztien artean erabakitzen dituzte aurrerakinen (ordainsarien) ingurukoak, interesak kobratu ala ez, ordu gehiago edo gutxiago lan egin… Independentzia badute, badituzte tresnak, bere langilegoaren eskubideak errespeta daitezen. Eta kontzientzia hori indartu beharko litzateke. Kooperatibako kideak, eraldaketa sozialerako tresna den heinean, kontziente izan beharko lirateke zein garrantzitsua den bere rola egungo egoeran. Beren bokazio sozialarengatik, langilegoaren eskubideak hobe ditzakete, ebentualen kaleratzeak halako “merke” ez egin (gobernuak agindu bezain merke), irabazien 9 hilabeteko jaitsieraren aurrean sistematikoki langileak ez kaleratu…
Benetako tresna eraginkorrak izan daitezke. Zer behar da hori errealitate bihurtzeko? Nire ustez honakoak dira gakoetako batzuk:

  • Formazio kooperatiboa. Kooperatibako bazkideak (zein ebentualak) kontziente izan behar dira kooperatibak ez direla helburu ekonomiko hutsak dituzten erakundeak. Duten zeresan soziala izan behar dute kontuan, eta kooperatibek dituzten tresnak ondo ezagutu, benetako alternatiba izateko baliagarri izan ditezen.
  • Ezagutza zabaldu. Egoera sozioekonomikoaren inguruko informazioa/formazioa izatea, kultura soziala sustatzea, jendartearen egoera eta beharrez kontziente izateko, eta beren rola argiago ikusteko.
  • Independentzia. Botere ekonomikoekiko izan beharreko independentzia buruan izan behar dute. Merkatuen neurri antisozialei men ez egin, eta ahal duten neurrian alternatiba erreal gisa lan egin. Helburu sozialak, utopia kolektiboa, aintzat hartuta.

Horiek, besteak beste. Ez da erraza begiak zabaltzea, eta kide bakoitzak duen erantzukizun gehigarriaz kontziente izatea. Pisu handia suposa dezake kooperatibako kidearentzat. Aldiz, mugimendu kooperatiboa hedatzen badugu, eta jendartearen artean erakunde sozioekonomiko hauen garrantzia zabaltzen bada, kooperatiben sare bat osatu dezakegu, eta guztien artean alternatibak eraiki, gutxi batzuen esku utzi gabe. Irla kooperatiboen sare kooperatiboak. Elkarlanean eta elkartasunean oinarritutakoak.