Kaixo!
Aurtengoan ere Goienako lagunek itzelezko lana egin dute Toberaren harira, eta merezi du honako berria hementxe txertatzeak, bai horixe!
Eskerrik asko lagunok!
Urtebete pasa da. Amaitu da aurtengo Tobera, eta urtea ere, amaitzear.
Iaz hunkituta bukatu nuen Tobera, bertan ezagututako guztiengatik, sortutako loturegatik eta iazko Toberak geure argi-itzalak onartu eta umorez plazaratzeko aukera eman zigulako.
Zer esan aurtengo Toberari buruz. Nondik hasi.
Iraitz. Nola aldatu diren gauzak, kamarada. Ekainetik hona, ilusioz eta irribarrez betetako barkuan egin dugu topo, eta olatu eta marea guztien aurrean, indarrez (nekez batzuetan) egin dugu arraun. Eskerrik asko Debagoieneko proiektu integral hau posible egiteagatik. Tobera duina taularatzea baino askoz gehiago lortu duzu/dugu. Zorionak, prexoxa. Eta mila esker zure laguntasunagatik. Eta zorionak eta eskerrik asko, nola ez, Bagarako lagunei. Continue Reading
Honako mezua informazioa eskatzeko eta biltzeko mezua izango da.
Debagoienean atez atekoa jartzera doazela-eta, informazio faltsuz betetako diskurtso eta mezuak zabaltzen ari dira ingurunean. Horri aurre egiteko, gustatuko litzaidake informazio iturriak txertatzea blogean, gai hau lantzen dutenak. Laguntzerik bazenute, asko eskertuko nizueke.
Badira urte pare bat Forokoopek urtero antolatzen dituen topaketetan Utopiari egin ziola leku. Besteak beste, Jose Mari Larrañaga izan genuen bertan, hizlari. Eta utopiaren beharrari buruz hitz egin zigun. Nola beharrezkoa zen aurrera egiteko eta lanean jarraitzeko utopia bat, amets bat, eraldaketa posible egiteko tresnak emango zizkiguna. Arrasateko Kooperatiben Esperientzia (AKE) utopia horren bilatze prozesu bat da, azken finean. Gu bezalako ameslariek, utopia buruan izanda, eraldaketa helburu zuen prozesua abiatu zuten garai hartan. Komunitate konprometituak, berriz, Arizmendiarretaren eta bere ikasleen proiektuari jarraipena eman zion geroago. Utopia kolektibo bat bazegoen garai hartan, hein batean zapaldutako eta porrot egindako jendartearen biziraupena bermatzea asmo zuena. Desio pertsonalak alde batera utzi gabe, helburu komunak bilatzen zituen komunitatea (kooperatiben definiziotako bat, alegia).
Gaurkoan, tesi-igande euritsu honetan, utopia kolektiboa aipatzen zuen artikulu bat irakurri dut. Utopia kolektiborik ez dagoela aipatzen zuena. Irribarre egitea eragin dit. Frustrazioak alde batera uzteko eguna izango ote? Kontua da irribarre egin dudala, bai, eta sentsazio kontrajarriak ekarri dizkidala burura. Sentsazio kontrajarriak, baina gaurkoan nire alderik baikorrenak eta ameslarienak alde errealista eta negatiboari aurre hartu dio (errealista eta negatiboa hitzek, biek ala biek, gauza bera esan nahi dutela ez al zaizue iruditzen sarri?).
Kontziente naiz helburu eta amets konpartituek indarra galdu dutela, eta indibidualismoa nagusi dela, oro har. Beharbada, gure ingurunean ongizate eta arrakasta ekonomiko garbia izan dugulako azken 14 urteotan; izan ere, 1990eko hamarkadako krisian AKEk izandako gainbehera ekonomikotik 2008ra arte aberastasun ekonomikoa izan dugu nagusi bailaran. Hala ere, badaude laino beltzak zeharkatzen dituzten argi izpiak ere. Bagara Herrigintzan prozesua dugu argi izpi horietako bat (bere fruitu ikusgarrienetako bat abendu amaieran Arrasaten izan genuen lehen Tobera da). Mondragon Unibertsitateak (Lanki ikertegiak) eta bailarako eragileek ereindako hazitik, badirudi zerbait hasi dela Leintz Bailaran eta Debagoienean mugitzen. Begi gehiago zabaltzen ari diren honetan, utopia kolektibo berri zein zahar bat eraikitzen hasi garenaren sentsazioa dut.
Eta bai, Donostialdean ere laino grixak desagertzen hasi dira.
Banuen gogoa Toberari buruzko hitz batzuk idazteko, hainbat arrazoigatik. Gaurkoan, azken egun frenetikotatik pixka bat deskantsatu ondoren, badoaz.
Ezer baino lehenago, eta girotzea ezinbestekoa denez gero, hona hemen Aitor Sarasuak idatzitako bertsoak, hunkigarri eta egi frankoz betetakoak. Hartu minutu batzuk ikusi eta entzuteko, merezi du-eta.
“Tobera: fauna txiki bat” Aitor Sarasuak egindako kopla ederra from Goiena Komunikazio Taldea on Vimeo.
Hasiera hunkigarria izan genuen bertsookin, benetan hunkigarria. Lehenengo barre algarak, baina, Goienako zuzeneko erretransmisioarekin hasi ziren. Hona hemen akusatuetako baten hitzak:
Eta handik aurrera, barre algarez eta autokritika eta hausnarketarako unez betetako ordu eta erdi inguru izan genuen. Kronikak hemen eta hemen topatuko dituzue, besteak beste.
Egia esan, entseguekin hasi ginenean nik behintzat ez nuen uste halako zerbait egingo genuenik. Amaia Antzokia bete zen (jendea atean sarrerarik gabe geratzera arte), eta publikoak harrera aparta egin zien gure hitz eta trufei, hasieratik bukaerara arte. Bazegoen jende heldua, baita gazteak ere. Eta gazteak bertan izateak badu garrantzia, esangura. Bertan bota genituen kritikak ez ziren mugimendu kooperatiboa lanaren lanaz altxa zuten horientzako, atzetik beraien lanaz probestu garenontzat baino. Eta gazteenek entzun egin zituzten bertan botatakoak.
Tobera hau eraikitzeko prozesua, bide hau, itzela izan da, maila guztietan. Herrigintzaren konpromisoaz gozatu dut, jendearen baiezko errazek eta borondateak zur eta lur utzi naute, eta zer esan taldean sortutako loturaren indarraz… ikaragarria. Are ikaragarriagoa toberaren baitan zeuden hausnarketa sozio-politiko-ekonomiko… eta abarrak kontuan izanik. Benetan jende anitza, lotura zuzenik gabekoak asko, eta San Prudentzioko muga gaindituta ezagutu ahal izan ditugun beste hainbat altxor.
Aktoreak? Itzelak. Pregoilariarekin hasi zen guztia. Aitor (Iza) ederto aritu zen lehen hitzetik, bereziki grazioso, batez ere mozkor plantak egitean! Epaile jauna (Mikel), dotore, Debagoixeneko seme izendatuko zaittugu azkenian! Beti burua martxan, adi, guztiari so! Konpainia aparta zenuen alboan… gure punki maitagarrixa, la Vinagre (Miren)! Fiskal anderea (Ainhoa), dotore eta gogor, burua azkar, zure lehiakidearen gisan. Abokatu jauna (Eneko), bere saltsan, eguneroko inprobisazioan, abilezia handiz. Bergarako lekukoak, berriz, eleganteak, zentzu guztietan (Aitor, Ane Miren eta Enaitz). Almeneko ikasleak… zer esango dizuet ba! Barre franko egin dugu zuokin, gure Lili (Eneritz) eta Lulu (Kepa) maiteak! Salto ta salto, bira ta bira… Eta gure Amandre Santa Ines, zu bai altxorra (Larraitz), nola egin duzun lan, gogor. Abokatu jaunaren Pasantea (Ion) ere, nola ez, itzel! Eneko are gehiago “handitzen” zen zu alboan zintuenean! Arrasateko akusatuak… zuek bai akusatu makarrak! Aitziber eta Pollu, biak ala biak, autentikoak!
Arizmendiarrieta, Ehunate Giltzarri Mondragon, Hartza, Pitxu, Platon eta Aristoteles, epaimahaikideok, nazioarteko begiraleok eta atzeko lan gogorrean aritu zareten guztioi, mila esker esperientzia hau posible eginagatik! Zuri bereziki, Urru, zure azkartasunarekin eta begirada zorrotzarekin epaiketari zukua ateratzea lortu duzulako, artefakto aparta gure esku utziz!
Tobera Debagoienan geratzeko iritsi dela irakurri nion norbaiti. Ziur naiz hortaz. Hurrengo herria zein izango den ez dakigu oraindik, baina badago zer landu, izan ziur!
Laster arte, compañeros! Eta ez, ez gabiltza “esquivando contradicciones”, beroiei aurre egiten hasi gara!