Tag Archives: Bagara

Komunitatearen garapenerako (eraldaketarako) egiturak eta sareak

Krisi sistemikoa edo sistemaren kaosaren argumentazioa hainbat autorek defendatzen dute, eta egungo krisi finantzario-ekonomiko-soziala aurrekari gisa definitu. Sistemaren kaosari era ordenatu baten aurre egitea aipatzen zuen Joseba Azkarraga MUko kideak, paradigma aldaketarako prest izatea, trantsizio ordenatu batera bideratuz.

Politika ekonomikoetan (eta enpresarialetan), bi ildo hauek ezagutu ditut gaurkoan (Lasuen-en “Marx 1972″ liburuari esker): 1) ahalik eta denbora laburrenean produkzioa biderkatzea bilatzen duena eta 2) produkziorako egiturak lehenbailehen sortzea bilatzen duena (honakoa ei da Leninek aplikatu zuena eta garapen bidean dauden herrialdetan aplikatu dena). Lehena Taylorismoarekin lotu dut nik, nire ezagutza ekonomiko mugatuaren ondorioz, eta era berean, gure ekonomiako politikak horiek direla iruditu.

Hala ere, eta lehenengo parrafoa kontuan izaten badugu, egungo helburua litzateke paradigma aldaketarako egiturak lehenbailehen prestatzea. Horretarako, baina, Lasuen-ek aipatzen du ezinbestekoa dela eraikuntzaren helburua, lortu nahi den eszenatokia, ondo definituta izatea. Komunitatearen garapena buruan, zein parametrotan mugi gaitezkeen ezagutzea, eta zein izango litzatekeen (ustez) sistema honetan bizirauteko politika/estrategia.

Bitartean, sareak eraikitzen jarraitzea ezinbesteko ikusten dut. Baina ez sare enpresarialak soilik. Komunitatearen garapena beste parametro batzuetan ulertu behar badugu, ikuspegi integrala izan behar dugu kontuan. Nekazaritza, etxebizitzak, kultura…

@goiena -n azaldutako erreportajetxoa – #tobera

Kaixo!

Aurtengoan ere Goienako lagunek itzelezko lana egin dute Toberaren harira, eta merezi du honako berria hementxe txertatzeak, bai horixe!

Eskerrik asko lagunok!


#tobera eta Debagoiena

Urtebete pasa da. Amaitu da aurtengo Tobera, eta urtea ere, amaitzear.

Iaz hunkituta bukatu nuen Tobera, bertan ezagututako guztiengatik, sortutako loturegatik eta iazko Toberak geure argi-itzalak onartu eta umorez plazaratzeko aukera eman zigulako.

Zer esan aurtengo Toberari buruz. Nondik hasi.

Iraitz. Nola aldatu diren gauzak, kamarada. Ekainetik hona, ilusioz eta irribarrez betetako barkuan egin dugu topo, eta olatu eta marea guztien aurrean, indarrez (nekez batzuetan) egin dugu arraun. Eskerrik asko Debagoieneko proiektu integral hau posible egiteagatik. Tobera duina taularatzea baino askoz gehiago lortu duzu/dugu. Zorionak, prexoxa. Eta mila esker zure laguntasunagatik. Eta zorionak eta eskerrik asko, nola ez, Bagarako lagunei. Continue Reading

Identitatea eta proiektu komuna

Gaur asteartea da, 13, eta “martes y trece” hitzak etengabe datozkit burura. Egun aldrebesa dudalako, beharbada. Edota atzoko entsegutik nekatuta irten nintzelako. Edo… Beno, kontua da identitatearen eta proiektu komunaren beharra izan dugula berbagai gaurkoan.

Jakingo duzuen bezala, azken asteotan Izaskun Murgia Elkarte Lirikoko kideok gelditu gabe gabiltza, entseguz entsegu. Domekan orkestrarik gabe baina entsegu luzea izan genuen, atzo orkestrarekin… Eta aste hau benetan betea izango dugu, larunbatean bertan estreinaldia dugu-eta. Eta zergatik aipatzen dudan hau guztia? Ba gaurko hausnarketarentzako (hilabete honetakoa?) oinarri eta abiapuntu aparta delako.

Elkarte Lirikoko kideok proiektu komuna dugu, helburu jakinak, taldeko kide sentitzen gara. Eta proiektu komun horretan, gure bihotza, gogoa eta indarra jartzen dugu, inongo erreparorik gabe eta irribarrez. Ahal dugun guztia eginez. Nekatuta egongo gara, ziur, baina estreinaldia ederto irten dadin, ordu pila bat sartzeko prest gaude. Eta taularatzerakoan, orduan bai izaten dela aparta! Orduan ikusten da zer nolako talde sentimendua dagoen. Guztiok gaude zain, ea koruari eta ea bakarlariei guztia merezi bezala irteten zaien. Ederra da. Talde sentimendua, lotura, identitatea, konpromisoa.

Ez da erraza konpromiso eta lotura hori herrigintzatik erakundeetara eramatea, beharbada. Baina iruditzen zait garrantzitsua (ezinbestekoa) dela erakundeko kide guztiek (edo gehienek akaso) proiektu komunarengan sinestea. Sinetsi eta ilusioz hartzea lana. Bai, lana beti da lan, baina helburu komunak izateari abantailak besterik ez dizkiot ikusten. Bereziki kooperatibetan, jabetza ere konpartitua, komunitarioa, den heinean.

Nola lor daitekeen hori? Lider onak izatea ezinbestekoa da, baina ezin dugu ahaztu norbanakoaren konpromisoa eta ilusioa ere garrantzitsua dela. Guztiok sentitu behar dugu proiektua gure, egunerokotasunean egin beharrekoak soldata baino gehiago esan nahi dezan.

Utopiaz bi hitz

Badira urte pare bat Forokoopek urtero antolatzen dituen topaketetan Utopiari egin ziola leku. Besteak beste, Jose Mari Larrañaga izan genuen bertan, hizlari. Eta utopiaren beharrari buruz hitz egin zigun. Nola beharrezkoa zen aurrera egiteko eta lanean jarraitzeko utopia bat, amets bat, eraldaketa posible egiteko tresnak emango zizkiguna. Arrasateko Kooperatiben Esperientzia (AKE) utopia horren bilatze prozesu bat da, azken finean. Gu bezalako ameslariek, utopia buruan izanda, eraldaketa helburu zuen prozesua abiatu zuten garai hartan. Komunitate konprometituak, berriz, Arizmendiarretaren eta bere ikasleen proiektuari jarraipena eman zion geroago. Utopia kolektibo bat bazegoen garai hartan, hein batean zapaldutako eta porrot egindako jendartearen biziraupena bermatzea asmo zuena. Desio pertsonalak alde batera utzi gabe, helburu komunak bilatzen zituen komunitatea (kooperatiben definiziotako bat, alegia).

Gaurkoan, tesi-igande euritsu honetan, utopia kolektiboa aipatzen zuen artikulu bat irakurri dut. Utopia kolektiborik ez dagoela aipatzen zuena. Irribarre egitea eragin dit. Frustrazioak alde batera uzteko eguna izango ote? Kontua da irribarre egin dudala, bai, eta sentsazio kontrajarriak ekarri dizkidala burura. Sentsazio kontrajarriak, baina gaurkoan nire alderik baikorrenak eta ameslarienak alde errealista eta negatiboari aurre hartu dio (errealista eta negatiboa hitzek, biek ala biek, gauza bera esan nahi dutela ez al zaizue iruditzen sarri?).

Kontziente naiz helburu eta amets konpartituek indarra galdu dutela, eta indibidualismoa nagusi dela, oro har. Beharbada, gure ingurunean ongizate eta arrakasta ekonomiko garbia izan dugulako azken 14 urteotan; izan ere, 1990eko hamarkadako krisian AKEk izandako gainbehera ekonomikotik 2008ra arte aberastasun ekonomikoa izan dugu nagusi bailaran. Hala ere, badaude laino beltzak zeharkatzen dituzten argi izpiak ere. Bagara Herrigintzan prozesua dugu argi izpi horietako bat (bere fruitu ikusgarrienetako bat abendu amaieran Arrasaten izan genuen lehen Tobera da). Mondragon Unibertsitateak (Lanki ikertegiak) eta bailarako eragileek ereindako hazitik, badirudi zerbait hasi dela Leintz Bailaran eta Debagoienean mugitzen. Begi gehiago zabaltzen ari diren honetan, utopia kolektibo berri zein zahar bat eraikitzen hasi garenaren sentsazioa dut.

Eta bai, Donostialdean ere laino grixak desagertzen hasi dira.