Aste honetan izan dugu FOROKOOPen VI. Biltzarra. Aurtengoan, kooperatibak krisiaren aurrean gaia landu da, hizlari eta eztabaida interesgarriekin.
Desadostasunen bat izan genuen geure artean, krisi garaian kooperatibetako demokraziaren baliagarritasunari buruz hizlari batek esandakoarekin. Parte-hartzea oztopo gisa ikusten zuen hizlariak, eta zorionez, badirudi bertan geunden gehienok ez geniola arrazoirik eman. Demokrazia da kooperatiben DNA, eredu sozioekonomiko alternatiborako oinarria den demokrazia. Erabaki guztiak ez ditu bazkideen kolektiboak hartzen, bakoitzak bere erabakitze esparruak ditu. Hala ere, neurri jakinak hartzerako orduan kolektiboarekin kontatzea gomendagarria da. Gomendagarria diot, ezinbestekoa ez esatearren. Zergatik den garrantzitsua? Kooperatibako kide guztien elkartasuna eta konpromisoa bilatzen bada, ezinbestekoa krisi eta zailtasun egoerei aurre egiteko, ezinbestekoa delako beraien iritzi eta hitzak kontuan hartzea.
Eta zergatik ez den zuzena esatea demokrazia eraginkortasunean oztopo dela? Egia izango da eztabaidek erabakiak hartzea moteltzen dutela, ez badugu kontuan hartzen 1) hilero-hilero kooperatibako kideei informazioa ematen zaiela (gardentasunez, teorian) eta 2) ezberdintasunak ezberdintasun, kooperatibako kideek interes orokorren gainetik interes kolektiboak dituztelako lehentasun (salbuespenak salbuespen, jakina). Horrez gain, erabakiak hartzea motelago izan arren, behin erabakia hartuta aplikazioa berehalakoa da. Oro har, beste izaera juridikoa duten erakundeetan erabakiak hartu ondoren, sindikatu eta langileekin negoziazioak datoz, istiluak, gatazkak… (hor ere salbuespenak salbuespen)
Ahaztu gabe, zer gehiago eskaintzen duen demokraziak eta parte-hartzeak? Konpromisoa, motibazioa eta eraginkortasuna, hainbat ikerketa lanek frogatutakoaren arabera.
Beraz… zergatik ez dugu parte-hartzea bultzatuko ba?









Demokraziak eta parte-hartzeak eskaintzen duena positiboa da dudarik gabe; eta etorkizunak horra jo beharko luke, etorkizun oparoa izan nahi badugu behintzat.
Baina…
Forokoopen blogean VI. Ihardunaldien ondorioetan azaltzen den moduan, gure gizarteak ez du elkarlana bultzatzen, eta are okerrago, kooperatibisten artean ere lankidetza ez dago errotuta.
Hainbat urte daramat lanean Fagorreko kooperatiba ezberdinetan behin-behineko langile bezala. Tamalez, nik ikusitako parte-hartzea oso ahula da. Tresnak badaude, baina inork ez ditu benetan erabiltzen. Bilerak egiten dira, informazioa banatzen da, baina ez dago benetako harremanik.
Egungo gizarteak bultzatzen duen indibidualismoak eraginda… kooperatiben tamainak eraginda… ez nuke jakingo esaten zehazki zein den arrazoia, baina errealitateak horixe erakusten digu.
Nik uste, krisiak lagunduko gaituela lozorro horretatik iratzartzen.
Kaixo Liher, egun on.
Lehenik eta behin, mila esker blogean parte hartzeagatik, eta halako iruzkin interesgarri eta mamitsua egiteagatik.
Arrazoi daukazu indibidualismoaren nagusitasunari buruz aipatzen duzun horretan. Kontsumoan oinarritutako jendartea eraikitzen joan den heinean, konpromisoaren indarra galtzen joan dela uste dut. Hala ere, ezin da orokortu, lehenaldiko guztia ona ez zen bezala, oraingoak ere gauza positibo asko ditu eta, lagun asko daude kausa bat edo besteagatik parte hartu eta konprometitzeko prest daudenagatik.
Nik uste dut kontsumoaren (eta antsiolitikoen) jendartea izateak zuzen-zuzenean eragin duela parte-hartzea jeistea. Era berean, egunerokotasun frenetikoan murgilduta egoteak, kooperatibaren tamainak eta gertutasun galerak eragin dute.
Horri buelta emateko garaia izan daiteke oraingoa. World café hartan batek aipatu bezala, honek Matrix-eko pelikula dirudi, bat-batean begiak zabaltzen dituen asko baitaude. Beharbada orain izango da momentua kooperatibako kide guztiak parte sentitu eta parte hartzeko…
Ea ba!