Azken asteotan ekonomiarekin, auzolanarekin eta ekonomia alternatiboarekin erlazionatutako hainbat ekimenetan parte hartzeko aukera izan dut.
Auzolan topaketetara doakit burua, lehenbizi. Imanol Epeldek bere blogean utzi zizkigun lehenengo egunean hartu eta bildutako oharrak. Lehenengo eguna benetan interesgarria izan zen, eta Joseba Azkarraga HUHEZIko irakasle eta LANKIko ikertzaile denari aditzeko aukera paregabea izan genuen. Banekien hizlari aparta dela, esango nuke idazle aparta ere badela, baina hala ere harritu egin ninduen. Harritu, krisi globala bezalako gai korapilatsua (eta tristea) atsegin bilakatu zuelako, esaldi apartak entzuteko aukera eman zigulako. Egia esan, kutsu erromantikoa ere hartu nien bere hitzei, sentsibilitate eta sakontasun atseginetik esandakoak. Azpimarratuko nituzke “biziaren krisia”, “krisi bizia”-ren ordez erabili zuenekoa, edota deabrua gure baitan dugula esan zuenekoa, edota antsiolitikoen kultura aipagai izan zuenean.
Arratsalde hartan bertan kooperatiba integral katalana izeneko esperientzia ere ezagutzeko aukera izan genuen. Egia esan, ulertzeko nahiko zaila egin zitzaidan, ohar pila bat hartu nituen arren. Suposatzen dut barnetik ezagutu beharrekoa dela. Hala ere, asanbleatan oinarritutako mugimendua dela esango nuke, txanpon lokala (merkatuarekiko independentea) ikur gisa.
Kronikarekin jarraitzeko, bigarren egunera jo behar. Potentzial handia dagoela argi gelditu zen behintzat. Hezkuntzako tailerrean egoteko aukera izan nuen, eta desazkundea eta komunalen inguruko tailerrean gero. Unibertsitateko irakasle-ikasle gisa, lehenengo tailerreko edukia urrun xamar gelditu zitzaidan. Hezkuntza integralari buruz hitz egin zen, gehienbat. Hezkuntzan aplikatzeko beste eredu bat, beste balore batzuengan oinarritutako hezkuntza, estatuen interes politiko-ekonomikotik at. Zoritxarrez, bertan izan behar genuen moderatzaileak ez zuen bertaratzerik izan, eta saioa hankamotz xamar gelditu zela esango nuke.
Bigarren tailerra, berriz, benetan interesgarria iruditu zitzaidan. Nolabait, neure tesiarekin, interesekin eta ardurarekin bat zetorrelako. Lagun pila bat elkartu ginen, 70etik gora, egoera ekonomikoarekin arduratuta, alternatiba bila. Komunalak zer ziren ikasi genuen, hausnartu genuen zein komunal ezagutzen genituen, eta zein irtenbide topatzen diogun egungo egoerari. Gai horiek lantzeko taldeka bildu ginen, interakziorako aukera ematen zuten taldetxotan. Ahaztu gabe, esan nahi nuke tailerrok euskaraz izan zirela, eta itzultzaile boluntarioen lanari esker gehiengoaren ama-hizkuntzan hitz egiteko aukera izan genuela. Eskerrak zuei denoi. Komunalak… argi utzi zigun moderatzaileetako batek Mondragonekoak ez direla komunalak. Ez direlako gardenak, ez dira asanblearioak, ez dira demokratikoak. Eztabaidagarria hori ere, baina ez nuke nahi eztabaida horretan zentratzea. Komunalen azken helburua zein izan beharko lukeen aztertu genuen, eta gure taldetxoan kooperatibek zertan egiten duten huts aztertu genuen. Produktuaren koherentzia eta lanpostuak sortzea lehentasun izatea, hori irten zen bertan.
Bazkal orduan, berriz, lagun kuadrilatxo bat elkartu ginen, gehienak hacktibismoaren tailerrean egon zirenak, portzierto. Eta berriz ere kooperatiba integral katalanari buruzko hitzaldia jaso genuen, baita mitologia eta parte-hartzea landu zituen hitzaldia ere. Egia esan, difuso xamar daukat buruan… Siesta orduan izan zelako, beharbada.
Aurreko zapatuan, berriz, #u15 -eko manifestaldian izan nintzen, Donostian. 500 lagunetik gora izan omen ginen bertan, beno, 5000-edo.
Eta zer ateratzen dudan bi ekimenotatik argi? Indarra, potentziala, lanerako gogoa, badagoela. Lagun pila bat, ardura handia. Baina indar hori galdu egiten dela. Gaurko ATTACeko ekitaldian ere lagun batzuk elkartu gara, gehienak ezezagunak (kronika bihar edo etzi). Posta zerrenda bat sortu da, Auzolanen bezala, eta badirudi postaz hasiko dela guztia antolatzen. Ea pixkanaka-pixkanaka… baina hainbeste mugimendu daude, bakoitza bere aldetik… zaila ikusten dut batzea.








