.@berria Ziztada jaialdiko Tobera

Orain dela hilabete batzuk BERRIAren aldeko Ziztada Jaialdia egin genuen Arrasaten. Bertan Tobera txiki bat, epaiketa bat, egin genuen.

Eduki librearen aldeko (baita euskarazko edukiaren alde) keinutxo bat egin nahian, lan-taldean egindako gidoia sarera igotzea erabaki genuen, “Creative Commons Aitortu Partekatu” lizentziapean.

Hemen duzue: Tobera Ziztada

Komunitatearen garapenerako (eraldaketarako) egiturak eta sareak

Krisi sistemikoa edo sistemaren kaosaren argumentazioa hainbat autorek defendatzen dute, eta egungo krisi finantzario-ekonomiko-soziala aurrekari gisa definitu. Sistemaren kaosari era ordenatu baten aurre egitea aipatzen zuen Joseba Azkarraga MUko kideak, paradigma aldaketarako prest izatea, trantsizio ordenatu batera bideratuz.

Politika ekonomikoetan (eta enpresarialetan), bi ildo hauek ezagutu ditut gaurkoan (Lasuen-en “Marx 1972″ liburuari esker): 1) ahalik eta denbora laburrenean produkzioa biderkatzea bilatzen duena eta 2) produkziorako egiturak lehenbailehen sortzea bilatzen duena (honakoa ei da Leninek aplikatu zuena eta garapen bidean dauden herrialdetan aplikatu dena). Lehena Taylorismoarekin lotu dut nik, nire ezagutza ekonomiko mugatuaren ondorioz, eta era berean, gure ekonomiako politikak horiek direla iruditu.

Hala ere, eta lehenengo parrafoa kontuan izaten badugu, egungo helburua litzateke paradigma aldaketarako egiturak lehenbailehen prestatzea. Horretarako, baina, Lasuen-ek aipatzen du ezinbestekoa dela eraikuntzaren helburua, lortu nahi den eszenatokia, ondo definituta izatea. Komunitatearen garapena buruan, zein parametrotan mugi gaitezkeen ezagutzea, eta zein izango litzatekeen (ustez) sistema honetan bizirauteko politika/estrategia.

Bitartean, sareak eraikitzen jarraitzea ezinbesteko ikusten dut. Baina ez sare enpresarialak soilik. Komunitatearen garapena beste parametro batzuetan ulertu behar badugu, ikuspegi integrala izan behar dugu kontuan. Nekazaritza, etxebizitzak, kultura…

Bideoa: @berria-ren aldeko jaialdia (@dtobera txikia tartean)

Jarri dute urtarrilaren 19an Arrasaten Berriaren alde egin genuen jaialdiaren bideoa webgunean bertan. Hemen duzue, toberatxo bat tartean!


Kooperatiben sarea eta interkooperazioa

Kooperatibak eredu sozioekonomiko alternatibo gisa ulertzen ditut. Askok ulertzen ditugu horrela. Merkatu kapitalistan egonda ere, bestelako balio eta printzipioak dituzten erakunde gisa. Kapitala tresna gisa dutenak, helburu gisa baino. Izan ere, kooperatiben funtsa komunitatearen garapena da. Oinarrian hori da. Beste kontu bat da egungo kooperatiba batzuen oinarria zein den, zergatik sortzen diren kooperatibak, kooperatibako kide batzuen helburuak zeintzuk bihurtu diren, eta abar luze bat.

Hala ere, ez da nire asmoa kooperatiba batzuen norabidearen (edo noranzkoaren?) inguruko hausnarketa egitea, baizik eta azken aldian gero eta nabarmenago egiten zaidan interkooperazio eta elkartasunaren garrantzia aldarrikatzea.

MONDRAGON adibide gisa hartzen badugu, bere gorabehera guztiekin, esango nuke bere arrakastaren gakoetako bat sortutako interkooperazioa, sarea bera, dela. Izan ere, zailtasun zein erronka berrien garaian printzipio eta helburu berak (antzekoak akaso) dituzten norbanako zein erakundeen arteko kolaborazioa gakoa bihurtzen da. Iraultzarako bezala, antolaketa eta sareak ezinbestekoak dira proiektu komunitario, lokal baina global, baterako. Krisi garaiko kudeaketa aztertzen ari naiz nire tesian, eta hori berori ikusi dut garbien: interkooperazioa eta kooperatiben arteko elkartasuna eta konpromisoa finkatuta eta egituratuta egotea zein garrantzitsua den. Kooperatibak alternatiba erreala izan daitezen zeinen garrantzitsua den kooperazioa.

Horren harira, eta Gipuzkoko beste txoko baten, Talaios Kooperatibako lagunek (Beñat Irasuegi, Unai Gorrotxategi eta Gorka Juliok) Olatukoop egitasmo interesgarria jarri dute martxan. Nolabait, orain dela 50-60 urte Debagoienean sortutako interkooperazioa eta elkartasunaren olatua egungo mugimendu kooperatiboan sortu nahi dute, eta horretarako oinarriak definitu dituzte. Etorkizun oparoa duena, egungo egoeran gero eta garrantzitsuagoa baita irla kooperatiboen sarea sortu eta indartzea.

Makalaldietarako (eta egun euritsuetarako) (2)

Zaparradak irribarrez estaltzeko modukoa!

 

Eta honakoa Big Fish pelikulako soinu bandakoa, Pearl Jam-en “Man of the hour”